39. Julene Azpeitia Ipuin Lehiaketako epaimahaiak jakinarazi du bere erabakia: Aitor Oñate, Janire Arrizabalaga eta Mitxel Aizpurua dira aurtengo irabazleak. 53 lan aurkeztu dituzte guztira aurtengo lehiaketara, iazko kopuru antzekoa, eta horietatik lau idazle zumaiarrenak dira.
Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok osatu dute aurtengo epaimahaia, eta Zumaiako Udaleko Euskara teknikariak idazkari lanak egin ditu –azken horrek ez du botorik izan–. Hori horrela, hiru kideek erabaki zuten Oñateri ematea lehen saria, Arrizabalagari bigarrena, eta Aizpuruari Zumaiar onenarena.
Oñatek 3.000 euroko saria eskuratu du Sei uda izeneko ipuinari esker. Epaimahaiaren iritziz, idazleak aurkeztutako lana "freskoa" da, "modu originalean" idatzita dago eta "irakurlea harrapatzen" du. Ipuinean elkarrizketak dira nagusi.
Arrizabalagak, berriz, 1.500 euroko saria jaso du. Jardin eder bat zuretzat izeneko ipuina aurkeztu zuen berak, eta epaimahaiak lanaren "aberastasun estetikoa" nabarmendu du. Halaber, estilo "oso zaindu" batekin idatzia dagoela ebatzi du, eta, gainera, "erritmo ona dauka eta pertsonaia nagusiak hasieratik harrapatzen du irakurlea".
Aizpuruak, Zumaiar onenaren sarian, 1.000 euro irabazi ditu. Kanposanturako bidea ipuina aurkeztu zuen hark, eta epaimahaiak ondorengoa esan du lanaren inguruan: "Hasieratik harrapatzen duen ipuin hau ondo idatzita dago, xehetasunei erreparatzen dien lana da, eta arretari eusten dio. Kuriositatea sortzen du eta irakurleari uzten zaio narrazioa osatzea".
Sari banaketa
Hori horrela, 39. Julene Azpeitia Ipuin Lehiaketako irabazle guztiak txalotzeko asmoz, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Abenduaren 1ean izango da, 18:30ean, Alodengiko Oxford aretoan.
Jarraian, Pleibak bertso saio literarioa eskainiko du Miren Amurizak, Nerea Ibarzabal, Eneritz Artetxe eta Paule Bilbaok lagunduta.