Azaroaren 25a

Zumaiarrek ozen esan dute ez dutela atzera egingo eta "aliantzak ehuntzen segituko" dutela

Onintza Lete Arrieta

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egun honetan, dozenaka herritar atera da kalera iluntzean, Zumaiako Mugimendu Feministaren deiari erantzunez. Manifestazioan une deigarriak egon dira, eta elkarrekin kantatuz amaitu dute ekitaldia.

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta Zumaiako Mugimendu Feministaren deiari erantzunez, Beheko Plazatik abiatuta manifestazioa egin dute iluntzean dozenaka herritarrek. Ez ginen atzera egiteko jaio lelopean egin dute manifestazioa, eta hain justu, horixe utzi dute argi zumaiarrek: ez dutela atzera egingo indarkeria matxistaren aurrean. 

Manifestazioak une deigarriak izan ditu, hainbat lagun elkartu baita, kaputxak soinean, soka luze bati helduta, eta elkarrekin kantatuz amaitu dute ekitaldia. Hitza ere hartu dute antolatzaileek zenbait ideia azpimarratzeko. Batetik, egiturazkoak diren indarkeriei egiturazko irtenbideak eman behar zaizkiela esan dute, eta egitura esatean, "askotariko sistemak" kontuan hartu behar direla esan du, "makroenetik hasi eta mikroenera". Egitura horiek sistemak lotzen dituela gaineratu dute. "Makinaria horrek guztiak sortzen eta eragiten duen indarkeriak ez du etenik: Euskal Herrian bost emakume erail dituzte azken urtean; sare sozialetan ugaritzen ari dira mezu eta eraso antifeminista zein arrazistak; erasotzaileak inguru hurbilekoa izaten jarraitzen du; etxebizitza ez da eskubide bat; zaintza lanek emakume eta, batez ere, emakume migratu eta arrazializatuen kontura negozio izaten jarraitzen dute; sexu-genero disidenteon existentzia ukatu nahi dute; lurraldeak esplotatzen jarraitzen dute eta kide migratu eta arrazializatuak deshumanizatzen jarraitzen dute. Indarkeriak baditu mila aurpegi. Eta horiek izendatzea dagokigu", nabarmendu du mugimenduak. 

"Indarkeria betikotzen" segitzen duten estatu aparatuak ere aipatu ditu Mugimendu Feministak, eta Polizia jarri du adibidetzat. Horren guztiaren aurrean, Justizia Feminista eraikitzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, "egun egiten ari garen bezala: autodefentsa feministaren bidez indarkeriak aitortuz eta erreparatuz, nahiz askotariko indarkeriei aurre egiteko mekanismoak sortuz eta martxan jarriz". Indarkeria matxista desagerrarazteko erakundeen borondate eta inplikazio politikoa exijitu ditu "baliabide publikoetan inbertsioa egiteko; borondatea sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak zapaltzen dituzten gorputzak izendatzeko eta bizitza duinen alde lerratzeko eta egiturazko neurriak hartzeko eta benetan baliagarriak izango diren erakundeak sortzeko".

Baina argi dute ez direla zain geldituko, eta "borrokan" eta "aliantzak ehuntzen" jarraituko dutela. Lerratzeko garaia dela azpimarratuz amaitu dute hitzartzea: "Aurten ere lerratzeko aldarrian berresten gara. Bizi dugun bidegurutzean ez dago lerratzea besterik. Alde ala kontra. Feminismoaren alde ala kontra. Eskubide sozialen alde ala kontra. Euskal Herri Feminista baten alde ala kontra".

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide