Gabonetako erakusleiho lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute

Intza Trula

Coro Prieto estetika zentroko erakusleihoa, pasa den urteko irabazlea. (Gertu)

Inskripzioa egiteko azken eguna abenduaren 10a izango da; erakusleihoa bera, berriz, abenduaren 11rako prest egon beharko da. Gertu merkatari elkarteak hemezortzigarrenez antolatu du sariketa.

Gertu Zumaiako merkatari elkarteak erakusleiho lehiaketa antolatu du aurten ere, eta dagoeneko zabaldu du bertan izena emateko epea. Interesa duten establezimenduek abenduaren 10era arteko epea izango dute inskripzioa egiteko.

Izena emateko Gerturen 638 00 45 76 sakelako telefonora deituta edo WhatsApp bidez mezua bidali daiteke. Halaber, posta elektronikoaren bidez ere izena emateko aukera dago, zumaiaelkartea@gmail.com helbidera idatzita.

Parte hartzaileek abenduaren 11rako atonduta eduki beharko dute erakusleihoa, eta horrela mantendu beharko dute abenduaren 28ra arte. Lehiaketaren oinarri eta xehetasun guztiak ondorengo lotura honetan kontsulta daitezke.

Epaimahaiari dagokionez, erakusleiho dekorazioan, diseinu grafikoan, argazkilaritzan edo antzekotan adituak diren hiru kidek osatuko dute, eta Gerturen esanetan, "haien esperientzia profesionalak balorazio objektibo eta kualifikatua bermatuko du".

Sariak

Hori horrela, lehiaketako irabazleak 200 euroko balioa duen erosketa txartela jasoko du, eta 100 euroko bonu bana irabaziko dute erakusleiho originalenak, koloretsuenak, ondoen argiztatutakoak eta Gabonak egokien islatzen dituenak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide