Gabonetan artzain eta aingeru lanak egiteko haurrak behar ditu udalak

Intza Trula

Errege Magoen desfilea, pasa den urtarrilaren 5ean Zumaian. (Juan Luis Romatet)

Gabonetako jaiotzarako eta Errege Magoen desfilean parte hartzeko aingeru bat eta sei artzain behar dituzte. 2014 eta 2020 urte bitartean jaiotako haurrek –6 eta 12 urte dituztenak– parte hartu ahal izango dute.

Gabonak heltzeko hilabete eskas falta den honetan, haurrengana zuzendu da Zumaiako Udaleko Kultura saila: Gabonetako jaiotzan eta Errege Magoen desfilean parte hartzeko jendea behar dute. Zehazki, aingeru baten eta sei artzainen lana egiteko jende bila dabiltza.

Jakitera eman dutenez, 2014 eta 2020 urte bitartean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute aipatu hitzorduetan; hau da, 6 eta 12 urte bitartean dituzten haurrek.

Abenduaren 24ko jaiotzan parte hartuko dutenek 17:15erako azaldu beharko dute Beheko Plaza elkartera. Ekitaldia, berriz, 18:00etan hasiko da. Urtarrilaren 5eko Errege Magoen kabalkadan parte hartuko dutenek 17:30erako egongo beharko dute leku berean, eta ekitaldi hasiera 18:30ean izango da. Aingeru lanak egiten dituztenek arropa eta oinetako argiak eraman beharko dituzte, eta artzainek baserritar arropa, abarkekin.

Izen ematea

Hori horrela izanik, interesdunek Alondegia kultur etxean, 943-86 10 56 telefonora deituta edota kultura@zumaia.eus helbidera idatzi dezakete izena emateko, abenduaren 11ra arte.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, behar baino jende gehiago apuntatuz gero, zozketa egingo lukete. Borondatezkoa da lana, baina antolatzaileek "konpromisoa"  eskatu diete izena emango dutenei. Era berean, aukeratua izan, baina gaixotasunagatik edo bestelako kontuengatik agertu ezin duenari, aurrez abisatzea eskatzen zaio, kultura@zumaia.eus helbidera idatzita.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide