Arnasetik bideo lehiaketan saritu dituzte Zumaia BHIko ikasleak

Intza Trula

Zumaia BHIko ikasleak atzo Lekeition, Arnasetik bideo sormen lehiaketako saria jasotzen. (Arnasetik)

DBH 1 eta 2 mailetako kategoriako saria irabazi dute, Ikasle berria Zumaiara bideoarekin. Kategoriak kontuan izanda, orotara, 230 lan aurkeztu dituzte lehiaketara.

Zumaia BHIko ikasleak garaikurrarekin itzuli ziren atzo Lekeition (Bizkaia) ospatutako Arnasetik bideo sormen lehiaketaren sari banaketatik. DBH 1 eta 2 mailetako kategorian nagusitu dira, Ikasle berria Zumaiara lanarekin.

Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastiren eskutik jaso zuten saria. Interesa duenak, honako lotura honetan ikus dezakete Ikasle berria Zumaiara bideoa. Horrez gain, maila bakoitzeko bideorik onena saritu zuten atzoko galan, eta publikoaren saria zein Lekeitioko bi bideorik onenen sariak ere eman zituzten. Lehiaketara, orotara, 230 lan aurkeztu zituzten.

Arnasetik, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk elkarlanean sustatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan kokatzen da. Euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua duen bideo sormen lehiaketa da, hain justu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide