Bilboko hilketa matxistaren aurrean aski dela esan dute zumaiarrek

Onintza Lete Arrieta

Bilboko hilketa matxista salatzeko atzo egindako elkarretaratzea. (Maddi Txintxurreta)

Herritar ugari elkartu zen atzo iluntzean Saregile plazan, Zumaiako Mugimendu Feministak protestarako egindako deiari erantzunez.

Bilboko osteguneko hilketa matxista salatzeko, zumaiarrak kalera atera ziren atzo iluntzean. Herritar ugari elkartu zen Saregile plazan Eraso matxistarik ez! Aski da! Autodefentsa feministaz erantzungo dugu! zioen pankartaren atzean, Zumaiako Mugimendu Feministaren deiari erantzunez. 

Azaroaren 25a igaro eta egun eskas batera, gizon batek emakume bat labankadaz hil zuen Bizkaiko hiriburuan. Aurten Euskal Herrian izan den seigarren erailketa matxista da.

Bilboko Marcelino Oreja kaleko etxebizitza batean gertatu zen erasoa, 20:00 aldera. Bizilagun batek eman zuen abisua, oihuak entzun zituenean, eta Polizia emakumearen etxera iritsi zenean, gizona labanarekin eraso egiten ari zitzaion emakumeari. Etxean zeuden bien haurrak.

Zenbait hedabideren arabera, gizona geldiaraztea lortu zutenerako emakumeak zauri larriak zituen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Gizona hilketa saiakera delitua egotzita atxilotu zuten. Erasotzaileak 47 urte ditu, eta aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik. 34 urteko emakumea ospitalean hil zen. 

Jende asko elkartu zen elkarretaratzean. (Maddi Txintxurreta)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide