Gaur hasi eta abenduaren 4ra arte Euskararen Astea ospatuko dute zumaiarrek, eta festa kutsuko hasiera eman diote gaur eguerdian egitasmoari. Izan ere, Astindu dantza taldekoek lipduba egin dute Komentutik hasi eta Kofradiara, herritarren laguntzarekin. Kantuekin eta dantzekin batera, ordea, aldarrikapenak ere egin dituzte, Esnatu dinamikarekin bat egin duten herriko 30etik gora eragiletako ordezkariek parte hartu baitute bai lipdubean, bai amaieran elkarrekin egin duten talde argazkian –tartean hedabide honek–.
Argazkia atera aurretik, herriko trikitilariek alaitu dute giroa, eta ondoren, eragileek Esnatu dinamikarekin bat egitearen arrazoiak azaldu dizkiete Kofradian elkartu diren herritarrei. "Pizkundea behar dugula esaten dute batzuek, euskara jauzi baten premian dagoela ikusten dute beste zenbaitek… Garbi dago ezingo dugula lo edo geldi geratu", esan dute. "Zumaiako euskaldunoi esnatzeko deia egin zigun UEMAk, eta ederki esnatu gara zumaiarrok". Azaldu dute 30 elkarte baino gehiagoren konpromisoak jaso dituztela, alor askotakoak: kirol elkarteak, kulturakoak, gizarte alorrekoak, ikastetxeak... "Batzuk konpromiso berriak dira, eta beste batzuek lehendik hartutakoak berretsi dituzte, guztion nahia delako Zumaiak euskaldun izaten jarraitzea", azpimarratu dute.
Etorkizunari baikor baina borrokatzeko asmo sendoekin ere begiratu diote: "Garai zailak etorriko direla esaten dute, baina elkarteok eta herritarrok nahikoa indar badaukagu euskara bultzatzeko bidean aurrera egiteko. Zumaiarrok, hauxe izango da gure eguneroko lana: esnatu eta eutsi euskarari!".
Gaur grabatutako lipdub bideoaren estreinaldi ofiziala ostiralean izango dela jakinarazi dute, Komentuko kaperan, 18:30ean.
Ekitaldia amaitzeko pintxoak eta edariak banatu dituzte, eta kantujirako lagunak euskal abestiak kantatzen aritu dira.
(Argazkiak: Sara Utrera eta Onintza Lete Arrieta)