Nor gara?

2019ko ekainetik Urolako Komunikazio Taldea (UKT) kooperatibako kide da Baleike. Urola Erdiko eta Urola Kostako euskarazko hedabideak egitura bakarrean antolatu gara, indarrak batu eta gure komunitateei ahalik eta informazio eta komunikazio zerbitzu onena euskaraz eskaintzeko. Kooperatibara batu gara Karkara (Orio-Aia), Baleike (Zumaia), Uztarria (Azpeitia), Maxixatzen (Azkoitia), Urola Kostako Hitza (eskualde osoa) eta Erlo Telebista (eskualde osoa), eta denon artean komunikazio talde multimedia indartsua osatu dugu.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da gurea, gure hedabideek beti izan duten izaera sozialari eta parte-hartzaileari segida emateko. Gure herrietan sustraitutako hedabide taldea gara eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Eta orain, gainera, taldeak ematen duen indarrarekin. Denok elkartuta, 30 bat langilez osatutako lan taldea osatu dugu, gai dena herriz herri dauzkagun hedabideei erantzuteko eta hobetzeko, eta aurrera begirako proiektu berriak prestatu eta garatzeko.

Gaur egun, honako produktu hauek argitaratzen ditugu:

Baleike, 1994tik aurrera

Zumaiako Gazte Batzordearen jarduera ahuldu zenean, beste elkarte bat bultzatzea erabaki zuen aldizkariaren inguruko taldeak, eta kultur elkartearen aldeko apustua egitea erabaki zuen. Hasieran aldizkaria ateratzea zen helburu nagusia, baina pixkanaka beste hainbat gauza bultzatu eta antolatzea izango zen erronka.

Harrezkero zenbait argitalpen ateratzen lagundu du Baleike kultur elkarteak: Joanito Dorronsororen liburua, urteroko bertsopaper-liburuxkak, Jon Manzisidorren komiki-bilduma, Piraguismoko DVDa, etab. Kulturarekin lotutako hainbat ekitaldi ere antolatu ditu, zenbaitetan beste talde batzuekin elkarlanean: liburu eta disko azokak, literatur emanaldiak, bidaietako ikus-entzunezkoak, etab.

Teknologia berrien garaian mailari eusten saiatu da Baleike kultur elkartea, eta horregatik bultzatu zuen baleike.com gunea. Euskarazko prentsa bultzatzen ere ahalegindu da elkartea: Berria ateratzen laguntzeko bere ekarpentxoa egin zuen eta Urola Kostako Hitzaren bazkide-sortzaileetako bat da.

2004an erronka berriak abian jartzeko une egokia iritsi zela erabaki zuen elkarteak,horien artean nagusia baleike.com web gunea. Helburu nagusia Zumaiako herritarrentzat komunikazio-tresna dinamikoa sortzea izan zen, informazio interesgarriena, egunekoa eta eguneratua, leku bakarrean biltzea. Herriko eragileei haien berri eta albisteak plazaratzeko modu erraz, azkar eta eraginkor bat eskaini zitzaien, eta herritar guztiei iritzia emateko eta zuzenean parte hartzeko aukera eman ere bai.

2006an beste pauso bat eman zen aurrera, eta blog komunitatea landu eta plazaratu zen. Edozein zumaiar edo Zumaiako edozein taldek bere weblog propioa sortu, kudeatu eta argitara dezake doan, eta inolako lan berezirik egin gabe eta bertan norberak nahi dituen berriak, argazkiak, dokumentuak, etab. argitaratzeko aukerarekin.

2009an goitik behera berritu genuen webgunea, multimediari garrantzia berezia emanez.

2012an egin dugu azken aldaketa. Sare sozialen integrazioa eta webgunearen malgutasuna dira ezaugarri aipagarrienak.

2011n Aztikerrek egindako ikerketaren arabera, egunero 700 bisitari inguru ditu baleike.com-ek.