2026ko Aurrekontuetarako EAJ-PNV Udal Taldetik herriaren beharretara egokitutako 10 proposamen zehatz eta egingarri proposatu genituen. Proposamenek herriaren beharrekin lerrokatuta egon arren, Udal Gobernuaren aldetik ez dugu nahikoa borondate, malgutasun edo negoziatzeko prestutasunik ikusi. Honek zoritxarrez aukera galdua dakar Zumaian beharrezkoak diren hobekuntzak modu adostuan aurrera eramateko. Hobekuntza horiek aurrekontuan txertatu ez direnez, eta ondoren azalduko ditugun arrazoiek hala bultzatuta, ez genuen ezezko botoa ematea beste aukerarik izan.
Aurrekontuaren ahulezia
Aurrekontuari dagokionez, nahiz eta aurrezki garbia 900.000 eurotan handitu, hau batez ere Foru Funtsaren igoeragatik eman da, eta ez gastuaren kudeaketa eraginkorragatik, eta, beraz, ez da hazkunde iraunkorra.
Diru-sarrerek 1,2 milioiko Arrangoletako zabalguneko lursail publikoaren salmenta dakarte berriz ere, salbuespenezko egoera bat.
Hala ere, arazo nagusia udal-gobernuaren exekuzio urria da, urtez urte proiektuak errepikatzen baititu gauzatu gabe. Exekuzio falta horren erakusgarri, Udalak bere diruzaintzako kopuru nabarmen bat (5 milioi euro) epe finkoko gordailu batean jartzea da; horretarako biltzen al dira zergak eta tasak, errekarguak igoz eta hobariak murriztuz? Dirua geldirik edukitzeko?
Zer falta du aurrekontu proiektuak?
Gabeziei dagokienez, aurrekontu-proiektuak ez du aurten ere parte-hartze prozesurik martxan jarri.
Mugikortasun planari dagokionez, lau urteko atzerapenarekin onartu bada ere, hainbat neurri hasieratik egingarriak izanik —hala nola bizikleten aparkalekuak eta errekarga puntuak— ulertezina da horiek oraindik kontuan hartu ez izana.
Beste zenbait zerbitzu eta azpiegitura ere hobetzea ezinbestekoa da. Besteak beste, haur-parkeak, komun publikoak, jubilatuen etxean aire girotua ezartzea edota argiteria publikoaren intentsitatea handitzea premiazkoak direla iruditzen zaigu.
Azkenik, gardentasuna eta herritarren informazioa hobetzeko, Udal Osoko Bilkurak telebistaz emateko aukera proposatu dugu. Neurri honek udal jarduna herritarrengana hurbilduko luke eta informazio publikoaren eskuragarritasuna handituko luke.
Zertan ez gaude ados aurrekontu proiektuarekin?
Marianton parkeari dagokionez, EAJk bere osotasunean babesten du proiektua. Izan ere, 2019an guk geuk bultzatu genuen eta 2022an akordio batera iritsi ginen, nahiz eta Udal Gobernuak ez duen ordutik bete.
Hala ere, ez dugu egokitzat jotzen milioi bat euro eremu bakar batera bideratzea, are gutxiago herriko beste hainbat parkek oraindik ere hobekuntza sakonak behar dituztenean. Neurriz kanpokoa iruditzen zaigu, eta udal-baliabideak modu orekatuan eta parekotasunez banatzearen alde egiten dugu.
Parkea fasetan garatzea aukera egokia litzateke, edo, bestela, proiektuaren zenbait zati herriko beste eremu batzuetara egokitzea azter daiteke.
Negoziaketa prozesua
Negoziazio prozesuan aurrekontuen alde bozkatzea eskatu ziguten, gure 10 proposamenetatik lau bakarrik onartzearen truke. Aurrekontu hauek gure eredutik aldentzen direnez, abstentzioa eskaini genuen, osoko bilkurak telebistaz emateko eskaera soilik gehituz. Uste dugu ez ginela gehiegi eskatzen ari, eta gobernu-taldearen aldetik malgutasun handiagoa espero genuen.
Hala ere, herritarren eta herriaren alde lan egiten jarraituko dugu, Zumaia hobetzeko eta guztion ongizatea bermatzeko helburuarekin.