Beheko Plaza, Erkibe eta Zuloaga plaza birgaitzeko proiektu integrala defendatu du EAJ

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2026ko ekainaren 4a

Beheko Plaza. (EAJ)

EAJren ustez, Beheko Plaza, Erkibe eta Zuloaga plaza Zumaiaren bihotza dira, eta herritarren topagune nahiz elkarbizitzarako gune nagusienetako bat. Horregatik, gutun honen bitartez, adierazi du ezinbestekoa dela eremu hori berritzea eta biziberritzea.

Esan beharra dago gaur egun Beheko Plazako instalazioak ez daudela egoera onean: frontoi inguruko eserlekuak hondatuta daude, haurrentzako parkea zaharkituta geratu da, eta oro har, eremuak eguneratze sakona behar du. Horregatik, eraberritze integralaren aldeko apustua egiten dugu, Beheko Plaza berriro ere adin guztietako zumaiarrentzat topagune erakargarri eta bizia bihurtzeko.

Bestalde, Jubilatuen Etxea ere zaharkitzen ari da. Azken urteotan gero eta bero-bolada handiagoak jasaten ari gara, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu Hogarrean aire girotua instalatzea, adinekoak baldintza egokietan egon daitezen. Gainera, neurri honek 2024ko martxoko osoko bilkuran aho batez hartutako erabakia beteko luke, larrialdi klimatikoaren testuinguruan beroaren aurkako babesguneak sortzearena. 

Horrez gain, Beheko Plazak historikoki izan duen elementu bereizgarrietako bat kioskoa izan da. Urte luzez, musika bandaren emanaldiak entzuteko, umeek jolasteko eta herritarren topagune gisa erabiltzeko balio izan du. Hori dela eta, 2023-2024ko aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek erabilera anitzeko gune estali bat sortzearen alde egin zuten, eta horretarako 125.000 euro gorde zituzten. Hala ere, gaur egun oraindik EH Bilduk ez du ezer gauzatu. Gure ustez, Beheko Plaza kokapen ezin hobea da gune estali balioaniztun bat eraikitzeko, urte osoan zehar herritarren eskura egongo den espazio bat sortuz.

Zuloaga plazako komun publikoek ere berritze sakona behar dute. Horregatik, egungo eraikinaren kanpoko irudia errespetatuz, barrualdea erabat berritzea proposatzen dugu, komun modernoagoak, irisgarriagoak eta erabiltzaile guztien beharretara egokituak eskainiz.

Erkibe eraikina, etorkizuneko aukera estrategikoa

Erkibe eraikina Beheko Plazaren inguruko proiektu integrala osatzeko giltzarria da. Aspalditik defendatu dugu eraikin horrek haurrekin lotutako erabilera izan behar duela, eta zentzu horretan hainbat aukera egon daitezke mahai gainean: ludoteka bat, haurreskola berri bat edo jai egunetan eta asteburuetan eguraldi txarra denean umeek modu seguruan eta lasaian jolasteko gune estali bat. Kokapena oso egokia dela iruditzen zaigu, inguruan oinezkoentzako eremu zabala duelako eta, gainera, lorategia zein plaza ondoan dituelako. 

Azken aste honetan udal gobernuak Erkiberen etorkizunari buruzko herri-prozesu bati ekin dio, elikadura burujabetza ardatz hartuta. EAJtik kilometro zeroko produktuak eta lehen sektorea sustatzeko espazioak garatzearen aldeko apustua egiten dugu, baina ez dugu uste Erkibe horretarako kokapen egokiena denik.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu Erkibe proiektuak bi zati dituela: eraikina eta lorategia. Hala ere, prozesua alderantziz gauzatzen ari da, lehenik lorategian esku hartuz eta eraikinaren erabilera zehaztu gabe utziz. Logikoagoa litzateke lehenik eraikinaren etorkizuneko funtzioa adostea eta, ondoren, horren arabera lorategiaren inguruko espazioaren antolamendua osatzea, kudeaketa efizienteagoa izan dadin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide