Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuari hainbat zuzenketa aurkeztu dizkiogu, gure ustez lehentasunak beste modu batera ezarri behar direlako. Zumaiarrek aspalditik dituzten beharrei erantzutea lehenetsi behar da, eta horregatik planteatu dugu aurreikusitako zenbait inbertsio oraingoz ez gauzatzea.
Zehazki, Komentuko kantinarako aurreikusitako 400.000 euroko inbertsioa eta aterpetxerako bideratutako 300.000 euroak atzeratzea planteatu dugu. Horrela, baliabide horiek Jubilatuen Etxea hobetzeko, bizikletentzako aparkaleku berriak jartzeko, komun publikoak eraikitzeko eta Amaia plazako haur parkea estaltzeko erabili ahal izango lirateke.
Argi utzi nahi dugu ez gaudela Komentuko proiektuen aurka. Hala ere, gaur egun badira herrian aspalditik konponbide eske dauden eta zumaiarren eguneroko bizitzan eragin handiagoa duten premiak. Horregatik, gure ustez, baliabide publikoak lehenik behar horiei erantzutera bideratu behar dira, eta ondoren heldu bestelako egitasmoei.
Honako hauek dira lehenestea proposatzen ditugun lau neurriak:
Jubilatuen Etxea hobetzea: 300.000 euro
Jubilatuen Etxean aire girotua jartzea eta hainbat hobekuntza egitea aurreikusi dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu adinekoek espazio eroso eta egokia izatea.
Bizikletentzako aparkaleku berriak: 150.000 euro
Herriko hainbat tokitan bizikletak aparkatzeko gune berriak sortzea planteatzen dugu. Horrela, bizikletaren erabilera erraztuko genuke eta Zumaiako Mugikortasun Planean jasotako helburuekin bat egingo genuke.
Komun publiko berriak: 100.000 euro
Komun publiko autogarbigarri berriak eraikitzea eskatzen dugu. Aspalditik ikusten dugu zerbitzu hori indartzeko beharra dagoela, bai herritarrentzat, bai bisitarientzat.
Amaia plazako haur-parkea estaltzea: 150.000 euro
Amaia plazako haur-parkea estaltzea aurreikusten dugu, haurrek urte osoan erabili ahal izan dezaten, eguraldia edozein dela ere. Guztira, lau neurri horiek 700.000 euroko inbertsioa eskatzen dute. Zenbateko hori Komentuko kantinarako eta aterpetxerako aurreikusitako inbertsioak atzeratuz lor liteke.
Gure ustez, udal aurrekontuak herriaren lehentasunen isla izan behar du. Horregatik, baliabide publikoak gaur egun zumaiarren ongizatean eta eguneroko bizitzan eragin handiena duten beharrei erantzutera bideratzea defendatzen dugu, etorkizunerako interesgarriak izan daitezkeen beste egitasmo batzuk alde batera utzi gabe.