-
Uda hasieran jakinarazi zigun Udal gobernuak Hirigintzako batzorde informatibo batean nola “ekoiztetxe handi batek” (izena ez zitzaigun esan, nahiz eta hurrengo egunean kalean bolo-bolo zebilen) asmoa zuen grabazioak egiteko Itzurungo hondartzan.
-
Uda osoan, Udal gobernuak eta beste erakunde batzuetako ordezkariek sekulako tartea izan dute medio batzuetan gai honetaz aritzeko, baina udan zehar egindako Hirigintzako batzorde informatibo bakarrean, gaia ez zen jorratu.
-
Irailaren 2an, EH Bilduko udal taldeko kide batek udaletxeko erregistroan ondorengo eskaera sartu zuen (2653 zbkia): “Ikusita aurreneko bi puntuetan zehazten dena, eta jakinaren gainean egonik Udala ekipamendu publikoa uzten ari zaiola ekoiztetxeari, eskatzen dugu Udalak eta ekoiztetxeak ustez sinatu duzuen balizko hitzarmenaren berri emateko”. Gaur oraindik ez dugu erantzunik jaso, nahiz eta eskatzen segi izan dugun Hirigintzako eta Turismoko batzorde informatiboetan.
-
Irailaren 5ean, Hirigintzako beste batzorde informatibo bat egin zen. Bertan, beste gai batzuen artean, ondorengoa jorratu zen, baina azaletik: itxuraz, egun berean jaso zuen Udalak ekoiztetxearen eskariak biltzen zituen agiria, eta hori azaletik aipatua izan zen. Eskaera horien artean zegoen Itzurungo petrila kentzea, eta Costaseko Ministeritzak eskaera horri emaniko baimena. Azaletik jorratu zela nabarmendu nahi dugu, informazio hori era informatiboan eman zelako, gaia sakonean aztertu gabe, eta EH Bilduko ordezkariak jakin bakarrik egin zutelako. Badago froga garbi bat gaia ez zela jorratua izan argi azaltzen duena: batzorde informatibo horretako aktan ez dago ezer idatzia gai horretaz.
-
Ondoren, beste batzorde informatibo bat egin zen, eta gaia ez zen jorratu ere egin.
-
Horregatik guztiagatik, GUZTIZ FALTSUA da gai hau udalbatzan jorratua eta onartua izan dela. Norbaitek argitaratu badu informazio hori Udal gobernuaren jarduna zuritzeko herritarren artean Itzurungo petrilaren gaiak sortu duen erreakzioaren aurrean, GEZURRETAN ari da.
4. puntuan aipatzen dena ezin da egiaztatu, ez dagoelako batzordeko aktan jasoa, baina gainerako guztia egia dela frogatzeko agiriak daude.