Game of Thrones

Itzurunen harrizko horma bat kentzeak haserrea eragin du

Baleike 2016ko urr. 6a, 21:16

Game of Thrones telesaileko grabazio ekipoa kentzeko petrilaren zatia txikitu dute. Gizakiak egindakoa dela eta funtziorik ez duela argudiatu dute. Arratsalderako ez zen hormaren arrastorik geratzen. Herritar batek esan duen bezala, "hau hasiera besterik ez da".

Game of Thrones telesailaren grabazioaren zati bat Zumaian egingo zela baieztatu zenean, zenbait zalantza sortu ziren herritarren artean, sortuko dituen eragozpenengatik eta etorkizun hurbil batean turismoaren igoeran izango duen eraginagatik. Zalantzak, baina, haserre bihurtu dira gaur goizean Itzurunen egin diren lanengatik, izan ere, Santelmopera bidean zegoen harrizko petril bat kendu dute hondeatzailearekin. Horrekin grabazioko ekipoaren sarrera erraztuko dela diote.

Astelehenean hasi ziren Itzurun hondartzako kantina eta komunen gainean joango den gaztelua eraikitzeko lanak. Almena moduko estruktura batzuk jarri ziren goialdean, gaztelu itxura emateko.

Lanak hondarretara jaitsi ziren atzo eta une horretan hondartzan bertan zeuden askoren harridurarako, Santelmopera (San Telmo ermitaren azpian dagoen kala) bidean dagoen harrizko petrila kentzen hasi dira hondeatzaile baten bidez.

Harriduratik haserrera pauso txiki bat dago eta sare sozialak berehala sutan jarri dira. Txikizioaren argazkiak zeramatzaten WhatsAppeko mezuak hegan hasi dira batetik bestera eta Twitterra, berriz, txioka egon da egun osoan. Facebook ere bero-bero eginda egon da egunean zehar.

Argazkia: Javier Carballo

Zumaiako Udalarekin harremanetan jarrita, hasiera batean ez du adierazpenik egin nahi izan, erabakia Madril Ministerioko Kosta Sailarena zela argudiatuz. Sortutako zalapartarekin, baina, iritzia aldatu beharrean aurkitu da. Harrizko petrila kentzeko erabakia Kosta Saileko bi teknikarik eta Foru Aldundiko batek hartu zutela adierazi zuen. Beti ere Udalaren esanetan, horma aztertu zuten elementu natural garrantzitsurik bazuen ikusteko. "Horma gizakiak egindakoa da, ez naturak, eta une honetan funtzio jakinik ez du", azaldu zuten. Hori dela-eta, grabazioko ekipoa Santelmopera eramateko erraztasuna izan ditzaten, hormaren zati bat kendu zuten. Harri horiek gorde egingo direla ere adierazi zuen Udalak, "behar bada egunen batean berriro jartzeko". 

Erabakia hartu duenetakoa Cristina Maillo Lan eta Proiektuen Zerbitzuko burua izan da. Haren esanetan, gizakiak egindako horma bat da, ez naturak egindakoa. Erdiko zatia bakarrik kenduko dutela azaldu du. Arratsaldean pasa garenerako, ez zen hormaren arrastorik geratzen.

Kontinuoa izan da egunean zehar Itzurunera igo den jende kopurua, are gehiago horma bota dutenaren berri zabaldu denean. Samina erakusten zuten batzuk, haserrea besteak eta erabakia ulertzen ez zutenak ere baziren. Bertan ziren, baita ere, teoria bitxiak zituztenak: horma horrek tope egiten omen zuen eta behin kenduta Zelai inguru guztiak erortzeko arriskua omen du. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide