Ez dugu ikusten eraikin eta leku hoberik industria ondarearen museoa jartzeko, Moilaberrikoak duen izaeragatik, historiagatik eta eraikinaren ezaugarriengatik

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko abe. 4a, 10:19

ZIIZ elkartea sekulako lana egiten ari da Zumaiako industria ondarea berreskuratu nahian, ez dadin betirako galdu. Herri mailan oso eragile garrantzitsua bihurtu da egiten ari den lanagatik. Harribitxiak dira Zumaiarentzat horrelako eragileak. Gure ustez, erabat beharrezkoa da iraganeko Zumaia nolakoa izan zen jakitea, aurrera begiratzeko oinarriak zehazten lagunduko digulako. Izan zirelako gara, azken batean.

Hauteskundeetako gure programan jaso genuen ZIIZen museoa Moilaberrin egiteko aukera. ZIIZek lan handia egin du, eta PSE-EE-k beraien alde egitea agindu ondoren, EAJ-PSE akordio nazional baten eraginez iruzur egin die alderdi sozialistak ZIIZekoei. Moilaberriko eraikinean, ZIIZeko museoarekin batera, Turismo bulegoa jartzea ere badago gure programan. Beste arrazoi batzuen artean, honegatik egiten dugu proposamem hori: Gaztetxola oso txiki geratu da, eta Turismo bulegoa libre utzita, Gaztetxola handitzeko aukera egongo zen.    

ZIIZek eskaera zehatza egina dio udal gobernuari, Moilaberriko eraikina izatea elkarteak bildutako material guztia erakusteko Interpretazio Zentroa edo museoa. Ez dugu ikusten eraikin eta leku hoberik museo hori jartzeko, izaeragatik, historiagatik eta eraikinaren ezaugarrietatik. Bere garaian, estazioa izan zen eraikin hau, eta beraz, merkantzien garraiorako leku estrategiko eta ezinbestekoa izan zen; XX. mendean zehar, gainera Zumaiako industriagunea izan zenaren erdi erdian zegoen kokatuta. Erabat lotuta dago, hortaz, ZIIZ egiten ari den lanarekin, eta esan bezala, ez dago Zumaian leku hoberik industria ondarearen museoa jartzeko.

EAJk eta PSEk onartutako emendakina azken momentuan egindako txapuza da, beste proiektu bat aurreikusita dagoelaren aitzakian, eta ZIIZ taldekoekin kontsultatu gabe erabat aldatzen da hauek aurkezturiko proiektuaren muina. Udal Gobernuak daukan balizko beste proiektu horrentzako geltoki zaharra leku txikia dirudi, bai behintzat Ingurumenerako Interpretazio Zentroa izatea nahi baldin bada, Algorri den bezala, eta are gehiago turismo bulegoa bertan jarriz gero. ZIIZen proiektua, aldiz, erabat bateragarria da turismo bulegoarekin, eta elkarrekiko sinergiak begibistakoak dira. Gainera, emendakinean mataderi zaharra aukeretako bat bezala aipatzen da ZIIZentzat, eta ez kokaleku segurua bezala.  

Herritarrekin eta herritarrentzat ari direla diote udal gobernukoek, baina beste behin ere herritarrei / eragileei  (ZIIZekoei, kasu honetan) kasurik egin gabe “herritarrentzat” proiektu itxia azalduko dute, inolako parte hartzerik gabe erabakitakoa. Behin eta berriz galdetu izan dugu batzordeetan, eta ez dugu erantzun garbirik jaso. Ezkutuan ari dira, eta hori ez da zuzena. Erabaki definitiboak hartu baino lehen gardentasuna eta herritarron parte hartzea ahalbidetu behar dira, guztion interesen mesedetan jarduteko asmoa baldin badago behintzat.

Zumaia bidegurutzean dago: turismo masifikatua jasotzen hasiko da epe motzean. Turismo eredua herriaren nortasunaren gainean eraiki behar da, bere ondare historiko, kultural eta naturalean. Horregatik, industria ondarearen museoak turismo eredu hori bultzatzen du. Algorri, interpretazio zentroa izan beharrean, atrakzio soil bihurtzeak aurkakoa bultzatzen duen bitartean. Uste dugu Algorri Zentroa ez dela eskaparate hutsa izan behar, daukagun ondare naturala ezagutarazi eta errespetua lantzeko gunea, baizik. Oraintxe den bezala, hain zuzen. EAJren asmoan, turismorako atrakzio soil gisa tratatzen da Algorri zentroa.

Ezinbestekoa da gure ustez, momentu honetan turismo jasangarri  bati ateak irekiko dizkion (eta bestelako turismo erasokorrari itxi) erabakiak hartzea. Osteguneko plenoan, EAJk eta PSE-EEek, beraien erabakiarekin, Zumaia eskaparate bihurtzeko pauso bat eman dute. Zumaiak, irudiaz gain, ondarea dauka. Ondare hori zaindu eta landu behar da, turismoak gure herriaren izaera aldatu ez dezan. Bide horretan, atzerapausoa da plenoan EAJren eta PSE-EEeren aldeko botoekin onartu zen emendakina, Moilaberriko eraikina ZIIZi ez ematearen aldeko erabakia, hain zuzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide