Urduritasuna nabari zen atzo udaletxean. 18:00etan zen batzarra hastekoa, baina ordua baino 20 minutu geroago alderdietako bozeramaileak oraindik beraien eserlekuetan eseri gabe zeuden. Plenoan aztertzekoak ziren gai gehienek udalbatza osatzen duten hiru alderdien adostasuna izan zuten. Ez, ordea, PSE-EEk ZIIZ elkartearen egoitza, zentro edo museoaren inguruan aurkeztutako mozioak. Sozialisten beraien mozioa udaletxean erregistratu eta hedabideen bidez ezagutzer eman eta berehala hasi ziren mugimenduak. Batzuk alde, besteak kontra. Telefono deiak, eskaintzak, enmendakinak, azken orduko bilerak... PSE-EEk mozioa gai-ordenetik kenduko zuela zabaldu zen. Ez zen hala izan. Batzarra hasi aurretik Oier Korta alkateak hedabideei esan zien mozioaren gaineko enmendakin bat sartu zutela jeltzaleek. Plenoa hasteko ordua heldu zenean oraindik erabat argitu gabe zegoen zer gertatuko zen.
Mozioa aztertzerakoan, PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonek hartu zuen hitza. Bere esanetan, Zumaiak beste herriek ez duten aberastasun bat du, “Gipuzkoan ia bakarra dena eta hori industria-ondarearen aberastasuna da. Herriaren eta herritarren iraganari esker ona adierazi behar zaio, iraganean Zumaiak izan zuen industria aberastasunagatik gaude eta gaur gauden bezala”.
ZIIZ elkartea goraipatu zuen jarraian. “2009. urtetik ari dira zentro honetan lanean. Jende oso fidagarria da, materiala jasotzen joan dena eta espazio fisiko bat eskatu duena. Estazio zaharreko kokalekuan kokatzea eskatzen dugu. Ez da egoskorkeria. Eraikin hori hutsik dago aspaldidanik eta, gainera, babestuta dago. Herri beraren izaera industralaren ispilua da. Ramon Cortazar arkitektoak gindako lanen erakusgarri bakanetakoa da, XX. mende hasierako euskal arkitektura itxurakoa. Ez dugu hutsik dagoen antzeko lekurik ezagutzen”. “Egin dadila proiektua, egin dadila zentroa, duina eta garrantzitsua”, gaineratu zuen.
“Zumaia beste udalerri askok nahiko luketen une batean aurkitzen da eta irtenbideak eman nahi dizkiogu. Gizon-emakume guztien ondarea den flyscha daukagu eta baita proiektu hau ere. Egiten bada, denbora luze baterako Zumaia mapan jar dezake”.
Alde, baina mozioaren literaltasunean
EH Bilduren bozeramaile Alex Olidenek esan zuenez, “poztu” egin ziren sozialisten mozioa ikusi zutenean eta aldeko botoa iragarri zuen bai eta bere literaltasunean aurkezten bazen.
ZIIZ bezalako taldeen garrantzia goraipatu zuen. “Halako taldeek musu-truk egiten dute lan denon ongizatearen alde eta zaindu egin behar dira”. Gernika parkeko estazioaren ordez beste lekuren batean kokatuko balitz haien itxaropenak ez zirela beteko esan zuen Olidenek, “desengainatuta aterako dira hemendik”. Turismo bulegoa estazio zaharrera eramanda, bi eskaintzen arteko sinergia bat sortuko zela ere esan zuen eta, bere ustetan, turismo bulegoak libre utziko lukeen lokaletan “aurrez aipatutako harribitxientzako” (elkarteak) espazioa sortuko litzateke. “[ZIIZen] museoko edukina hara eramanda, eraikin bera ere eduki bihurtuko litzateke”. “Mozioa ez bada literaltasunean zaintzen, akats” bat egingo litzatekela esanaz amaitu zuen Olidenek.
Mundu mailako santutegia
EAJren kontrako botoa aurreratu zuen Oier Kortak hasi eta berehala. “Guk, Udal Gobernuak, eraikin horretarako beste proiektu bat dugu. Zumaia pisu handiko herria bihurtu da. Nahiko lukete beste herriek Zumaiak duen erakargarritasuna. Eta ezberdintzen gaituena natura da, flyscharen fenomenoa. Mundu mailako santutegia da hau eta proiektua bide horretan doa. Hori da mundu mailan desberdintzen gaituena; horrek egiten gaitu benetan bakarrak”, adierazi zuen. Proiektu horren berri denbora gutxi barru emango zutela iragarri zuen alkateak. “Administrazio desberdinekin lantzen ari gara. Eraikina ez da Udalarena eta lanketak egin beharko dira: erosi, lagapenean jaso...”.
Industria-ondarea zaintzeko ZIIZek egindako lana “aitortu” ondoren, “harridura” agertu zuen alkateak ZIIZekoak hedabideetan beraien ondoeza zabaltzeagatik. “Hiru bilera egin genituen beraiekin eta argi eta garbi esan genien eraikin horretarako beste proiektu bat genuela. Esan genien ez geundela aurka eta beste kokaleku bat aurkituko genuela”.
Bozkatzeko orduan, PSE-EEk (1) eta EH Bilduk (6) aldeko botoa eman zuten; EAJ-PNV (6) kontra.
Mozioa aldatzen duen enmendakina
Sozialisten mozioa onartutzat eman zen, baina, ondoren, jeltzaleek mozioaren enmendakina aurkeztu zuten. Laburbilduz, enmendakinak zioena zen, behin naturaren inguruko zentro berria Moilaberriko estazio zaharrean kokatuko zenean, Algorri interpretazio zentroak utziko lukeen espazioan, mataderia zaharrean, ezarriko zela industria-ondarearen egoitza.
Udal Gobernua bultzatzen ari den proiektuaren berri ez zutela esan zuen EH Bilduko Alex Olidenek, “baina uste dut ados egongo garela, interesgarria delako. Baina, lekua horretarako egokia ez da izango, agian”. Bi ekintzak, flyscharen inguruko zentro berria eta industria-ondarearena biak batera egitea posible ikusi zuen.
Arritxu Marañonen esku zegoen enmendakina onartu edo ez, eta berea zen paper zailena, mozioa ere berak aurkeztu zuelako. Olidenek bezala, alkatearekin hitz egin aurretik flyscharen inguruko proiektua ezagutzen ez zuela adierazi zuen. “Proiektuen posibilitateen alde gaude gu eta, lehen esan bezala, ez gara egoskorkerietan eroriko. Enmendakina ondo ikusten dugu”. Ondoren lan mahai bat sortzea eskatu zuen, “ZIIZekoekin batera kokapen bat aukeratzeko. Mataderia izan daiteke. Bi gauzak, industria-ondarearena eta naturarena, batera egitea posible ikusten dugu. Lehenbailehen egitea eskatzen dugu eta baita ZIIZekoekin ere lehenbailehen biltzea ere”.
Bere hitzetan sumatzen zen bezala, PSE-EEko zinegotziak enmendakinaren alde eman zuen botoa: aldeko 7 boto lortu zituen (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta kontrako 6 (EH Bildu). Enmendakinak mozioa aldatzen duenez, azken hau da onartutzat eman zena.
Behin plenoa amaituta, naturari zuzendutako zentro horrekin batera turismo bulegoa ere estazio zaharrera eramatea pentsatzen ari direla adierazi zuen alkateak eta, eraikina Eusko Jaurlaritzarena denez, hori posible izan dadin formulak aztertzen ari direla (lagapena, erosketa...). “Proiektua lehenbizi oposizioko alderdiei erakutsiko diegu eta ondoren egingo dugu publiko”.