Arbazta edo adar-muturrari esaten zaio Zumaian eta inguruko herri batzuetan “txuxaka” (batzuek “xuxaka” ere bai). Zestoarren erretolika liburukoa da definizio hau: "Egur-zotzak baino lodiera handiagoa duen egurra. Oro har, beheko sua pizteko erabili ohi zen; pitzakia baino meheagoak izan ohi dira”. Zestoan bertan eta Bizkaiko herri batzuetan “txuxaka” edo “txuxaga” deitzen zaio, baita ere, karobian materiala mugitzeko makilari. Iñaki Azkune Mendia zestoarrak egindako lanean ikusi dugu 1553ko erreferentzia hau:
- Joan Martinez Baltzolakoari Joan Etxenagusiak baimena eskatu zion, Baltzolako Urtaranen zuloa egin eta bertan karobia prestatzeko, Baltzolako basotik “txuxaka” hartzeko eta karea elizara garraiatzeko bideak egiteko.
Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu Uraun paldatik eta Sanbartolomebasotik ekartzen zituztela “agarrak”; zati handiak ilarretarako edo tomate estakak egiteko erabiltzen zituztela, eta txuxakak surtarako.
OEH hiztegian ikusi dugu Larramendik ere jada jaso zuela hitz hau bere 1745eko hiztegian. Euskaltzaindiaren EHHA atlasean, berriz, Zumaia inguruko bi adibide topatu ditugu: “txotx” adierarekin jaso zen TXUXAKA Arroan, eta sortari deitzeko TXUXAKASORTA Getarian.
Azken adibide hau, bestalde, DEBA aldizkariaren 42. zenbakian topatu dugu, 1999ko udaberrian ateratakoan, Tene Mujikaren kontakizun batean:
- Etxearen egurtokian zulo bat egin , ta lurpean sartu zuten beren gordallu maitagarria; Zinkezko beste kutxa bat azal zuala. Zuloa estali, gaiñean txuxaka pillo bat bota, ezkutuago izan zedin, baiña...