Zumaiako hitz bereziak: AKOLITO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2026ko martxoaren 27a

Oñatiko akolitoen taldea, apaizak atzean dituztela, 1961ean. (Argazkia: Gure Gipuzkoa)

Aste Santua gainean daukagunez, erlijioarekin lotutako izen bat ekarri dugu oporren aurretik. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Apaizari meza ematen eta beste eginkizun batzuetan laguntzen dionari esaten zaio Zumaian eta inguruan “akolitoa” (ahoz “akolitua”). “Monagillo” ere asko erabiltzen da, eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasean bi forma horiek agertzen dira gehien Gipuzkoan, askoz gehiago "akolito" Urolaldean; beste forma batzuk ere badaude: eliz mutil, meza laguntzaile, sakristau(txiki), bereter… Grezieratik datorren izena da “akolito”, jarraitzaile edo laguntzaile omen da “akólouthos”.

Zumaian monagillo edo akolito ibili zela kontatu zuen Agustin Zubimendik ahotsak.eus webguneko bideoetan. Gune horretan bertan Brigida Ibarbia oikiarrak esandakoa da pazkoetan sakristauak sua egiten zuela zimitarioan eta biharamunean “akolituak basarriz basarri” ibiltzen zirela su berria banatzen.

Baleike aldizkariaren 133. zenbakian 2005eko maiatzean orduan apaizgai zen Jon Kortak erabili zuen hitz hori:

  • Nire gurasoek txikitatik erakutsi dizkidate kristau balioak. Beti egon naiz Elizaren barruan, akolito, organojole lanetan...

Geroxeago, 2007ko urtarrilean, aldizkari horren 151. zenbakiko “Gure Zumai zarra” atalean Abelin Linazisorok Jexux Baxakarteri egindako elkarrizketan topatu dugu beste adibide hau:

  • Samielko eleizan beti bertako apaiza izaten huan. Gainera ni urte batzuetan hor akolito ibili niñun eta ez diat ezagutu ez kanpoko apaizik eta ezta sermoi bildurgarririk ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide