Batez ere eskuan eta hatzetan agertzen den koxkor txiki bati esaten zaio Oikian eta inguruko herri batzuetan “garatxoa” (ahoz “gaatxua” edo “gatxua”); Zumaian askoz ezagunagoa da “enorra”. Zestoarren erretolika liburuan “garitxu” jasota daukate, eta Zarautzen “garitxo” ere bai. Antzeko aldaerak ikusi ditugu EHHA atlasean: gari, garijo, garitx(a), garatx(a), ga(r)atxo, kalitz(a), karitx(a), karitta, karetx(a), karatx(a), ka(r)atxo… Bitxia da Arroan jasotako lekukotza hau: Guk animaliyanai esate you “enorra” da krixtauenai “garitxua”. Eibarren eta Deba inguruan ere “enorra” erabiltzen dute.
Duela aste batzuk Geoparkeak sendabelarrei buruzko txango bat antolatu zuen Oikian, eta Gonzalo Torrek kontatu zigunez, han azaldu zuten pikondoek, esne-belarrek eta antzekoek isurtzen duten latexa erabili izan dela “enorrak” kentzeko; entzuleen artean oikiarrek “gatxua” esaten omen zuten, eta Brigida Ibarbiak baieztatu digu “gaatxua” esaten diola berak.
- R.M. Azkuek Euskalerriaren Yakintza laneko 4. liburukian enorrak edo garatxoak sendatzeko beste modu bat ere jaso zuen Zumaian (ihidi = ihi asko dagoen lekua, gaztelaniaz ‘juncal’): Enorrak kentzeko, iidi batera joan ta andik ekarritako ii bat lotu ta an esan bear izaten da lotzean: "iia bat, enorra bi, ii onek kenduko dik enor ori".