Zumaiako hitz bereziak: GANAJATEKO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2026ko maiatzaren 15a

Zaldibiako bi baserritar 1996an ganajatekoa egiten. (Argazkia: Ana Mari Iraola,  Gure Gipuzkoa)

San Isidro eguna denez, baserriarekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Baserriko abereei zelaitik edo sorotik ekartzen zaien janariari esaten zaio Zumaian eta inguruko herri batzuetan “ganajatekoa” (ahoz “ganajatekua”); gehienetan belar berdea izaten da, ondu gabekoa, eta “ganadu-jatekoa” forma osoagoa ere erabiltzen da. Aditz modura ere erabiltzen da, “ganajatekoak egin”, jateko hori prestatu eta etxeratzeari deitzeko.

Inguruan Zarautzen erabiltzen da, eta Zestoarren erretolika liburuko adibideak dira hauek: Horreatik ganajatekotik behintzat urte batzutako osautageau giñan. Osaba-ta lanetik etortzeianian beti ganajatekuak itea juteia. Eibarko eta Bergarako hiztegietan ere jasota dago, eta Deba ibarreko beste zenbait herritan ere ikusi ditugu adibideak: Antzuola, Aretxabaleta… Gipuzkoako beste herri batzuetan ere hitz ezaguna da: Errezilen, Tolosan, Beasainen…

Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu astoarekin karreatzen zutela ganajatekoa baserrira, eta gehienetan belarra izaten zela: belga-belarra, allubrea, pagotxa edota alpapa. Endañeta baserriko Joxe Manuel Agirrek, berriz,  ahotsak.eus webguneko bideo honetan kontatu zuen 14 urterekin hasi zela igeltsero, eta etxeko beste lan batzuk ere egin behar izaten zituela:

  • Etxian beti zai eote zian, ganajatekuak o iteko ta… Hamen 11 ordu inda jun ta etxian beti okoilluan o ganajatekua jartzeko o…

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide