Ardoa, aleak eta antzekoak saltzeko biltegi publikoari esaten zaio Zumaian eta beste herri batzuetan “alondegia” (ahoz “alondeidxa” edo “alondeya”). Getarian ere bada horrela izena duen eraikin publiko bat, eta Bilboko Azkuna Zentroa “Alhóndiga Bilbao” izan zen lehenago, alondegi izandakoan egin zutelako. Hitzaren hasierak adierazten duen bezala, arabieratik dator.
Zumaian udaletxearen beheko solairuan kokatu zen alondegia XIX. mendeko amaiera arte. Udalak berria egitea erabaki zuen eta 1892an eraiki zuen orain kultur etxea den eraikina; hasieratik beste erabilera batzuk ere gehitu zizkioten: irakasleentzako gelak, telegrafo bulegoa, liburutegi publikoa... Herriko eskola ere hantxe jarri zuten, Arrangoletako egin baino lehen, Don Krispin irakasle zela; Joxe Manuel Manterolak Abelin Linazisorori hauxe kontatu zion Baleike aldizkariaren 131. zenbakian:
- Eta komunixo haundixa eiten giñunian maixuetara. Mari kalera. Alondeixaren goixan zeona. Lanian hasita gero ere, hantxe, gabeko eskolan.
1936ko gerraren ondoren Luistarren lokala ere hor egon zen, eta Irene Yeregik elkarrizketa honetan gogorarazi zigun antzerkia ere egiten zutela bertan. Mari Pilar Manterolak, bere aldetik, kontatu zigun patata saltzen zutela alondegian, eta jendea ere bizi zela goiko pisuetan. 1950eko hamarkadan, berriz, “Virgen de Arritokieta” lanbide heziketako eskola jarri zuten bertan; Pello Etxabek azaldu zigun bideo honetan.
2009-2011 bitartean berritu zuen eraikina Udalak, gaur egungo beharretara egokitzeko, eta orduan erabaki zuen ALONDEGIA kultur etxea deitzea. Izena jartzeko orduan kontuan izango zuten Maria Antonia Goikoetxeak esandakoa, amorrarazi egiten zuelako jendeak Oxfor(d) izena hainbeste erabiltzeak. 2001ean euskara teknikari zebilen Belen Golmaiori komentatu zion jatorrizko izena berreskuratu beharko litzatekeela, eta hark Baleike aldizkariko zutabe batean bildu zituen Maria Antoniak kontatutakoak, 91. zenbakian. Hementxe pasarte bat, moldatuta:
- Gu normalian beti alondeixa gora eta alondeixa behera ibiltze ginan, zeatikan hori nik ezautu det Luis Alvarez difuntuak euki zuenian arbitrioak kobratzeko eta baserritarrak ekartzen zituen produtuak eta gauzak pixatzeko. Ni akordatzen naix gure aittak hor pusketa batian almazena euki zuelako arduakin, eta gu han atzea-aurrea ibilli eiten ginan. Eta orduan hura guretzako zan beti alondeixa. Nei ematen diten amorrua ikusten detenian gainetikan jendiak onartuta dakala, eta batzuetan hor zeoze daonian apropos esaten det, ze, nun dezue, alondeixan? Eta beak, ze alondei? Zer da hori? Ze amorru ematen ditan, ze oxfor eta ze kanbritx!