Hitz-joko edo asmakizun kutsua duen esapide berezi bat erabiltzen da Zumaian eta kostako herri batzuetan: Ura balego, ardoa edango (ahoz “ura baleo, ardua erango”). Bigarren zati bat ere badu esaera horrek, hori ere bitxi askoa: urik ez dagoelako, ura edan behar! Imanol Azkuek esaldi hori aipatua du Baleike aldizkariko “Orduan bai” ataleko artikulu batean, eta Unai Iturriagak ere bai Berria egunkariko zutabe batean. Jontxu Egaña ontzigileak, berriz, bideo bidez eman zigun azalpena ahotsak.eus gunean. Itxura denez, marea behean zegoenean ontziak Zumaiako portura sartu ezinda geratzen ziren, eta herrira ardoa edatera joaterik ez; txalupako ardoa ahituta izaten zutenez, urarekin konformatu behar.
Batzuek pentsatuko dute Zumaian bakarrik esaten dela esamolde hori, baina oso antzekoak erabiltzen dira moila errioan daukaten beste herri batzuetan ere. Orion, esaterako, Iñaki Iturainek aurrena asmakizuna bota zuen eta gero azalpena eman: Ura balego, ardoa edango, eta urik ez dagoelako ura edan behar. Zer egoeratan esaten da hori Orion?
Ondarroan ere arazo hori izaten zutela ikusi dugu Ondarruberbetan gunean. Uraren inguruan arrantzale zaharrek honako hau esaten omen zuten: Ure baleo ardau erango geunke, ta urik eztalako ure eranbir. Hondarribian ere antzera ibiltzen ziren, eta asmakizun horrekin hasi zuen Jesus Mari Mendizabalek Diario Vascoko zutabe bat: Ura bai eta urik ez; ura baldin bazen, ardua erango; urik ez, eta ura eran behar!
Juan Antonio Aboitiz abadeak 1800 inguruan egindako bertso batean ikusten da Lekeition ere berdin ibiltzen zirela:
Portu Lequeitijoco
marinel ondraubac
poztu uragaz vici
biar dozubenac:
Uric ezarren ura
sarri edan bozu
uragatik ardaua
orain edango dozu.
Zumaiara itzulita, Josu Waliño idazleak ipuintxo batean jaso zuen esapidea, eta Mikroipuin-labea liburuan eman:
URA
Marinela itsasontziaren brankatik begira zegoen, desesperatuta.
Metro gutxi batzuk baino ez ziren falta portura iristeko. Arrantza-ontziaren kareletik lehorreko giroa suma zezakeen, tabernak usaindu, itsasoan igarotako egun luzeetan amestutako lurra sentitu,… baina, ezin iritsi.
Patroia gerturatu zitzaion.
—Animo! —esan zion esku bat sorbalda gainean jarriz—. Ordu pare bat baino ez dituk falta itsasgora iristeko!
—Hain gertu eta hain urruti —erantzun zion marinelak atsekabetuta.
—Nahi al duk trago bat? —galdetu zion patroiak eskutan zuen ur-botila eskainiz.
Marinelak haserre begiratu zion, adarra jotzen ari ote zitzaion zalantzan. Hainbeste egun itsasoan pasa ondoren ontziaren sotoak hegaluzez beteta itzuli ziren, baina ardo-kupelak hutsik.
—Ura balego, ardoa edango —bota zion marinelak patroiari honek eskainitako ur-botila hartuz—. Baina urik ez dagoenez, ura edan behar.
Marinelak botilari trago luze bat eman zion, eta itsasgora iristean edango zuen ardoarekin amets egin zuen.