Badator

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko ira. 19a, 10:30

Telmo Deuneko neskak, uda honetan uretan. (Utzitakoa)

Arraun denboraldia amaitu bitartean, astero arraun analisia eskaini die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du hamabigarrena, eta azkena.

Konturatzerako uda amaitzen ari zaigu, eta arraun denboraldi nagusia amaitu zaigu. Itsas mareak gora eta behera egiten duen bezala, bat amaitzearekin batera, bestea hasten da. Traineru denboraldia amaitu da, baina gaztetxoak hasi dira edo hastear daude Urola Kostako elkarteetan.

Badator udazkena, gazteenak arraunean hasteko unea, ea arrauna gustuko duten edo ez erabakitzeko unea. Datorren denboraldirako helburuak jarri eta horien bila joateko bidaiaren hasiera. Estrapuak baztertuz, bidaiak, bazkariak eta festez goxatzeko unea. Buruari arnasaldi bat emateko ezinbesteko unea. Egindakoaz eta egin gabekoez hausnarketa egiteko garaia. Hala ere, izango da telefonoan denbora pasatu beharko duenik ere. Badirudi badatoztela aldaketak tostetan.

Amaitzeko, goraipatu asteburuan Zumaiako neskek egindako estropada. Nahiz eta ez lortu play off honetako lehen postua, egindako lanaz gustura geratzea bezalakorik ez baitago. Ea udazken honek berri onak dakartzan. Eta, lastima, Getariako eta Orioko traineruek ligako azken estropada horrelako sentsaio gaziarekin amaitu beharra. Ez baitzuten ez batak ez besteak azken estropadan horrelako posturik merezi.

Hirugarren denboraldia izan da niretzat tostetatik at. Estropadak moila bazterretik jarraitzeko asmotan nintzen, baina uda hastearekin batera Euskadi Irratiaren gonbita jaso nuen, ea bertan kolaboratzaile izan nahi nuen, eta ezin ezetzik esan. Haiei baiezkoa ematearekin batera, Urola Kostako Hitzaren gonbitea, hauei ere baietza. Arraunaren beste alde bat ezagutu ahal izan dut uda honetan: lehorretik nola bizitzen duten komunikabideek. Hobetzeko asko geratzen zaidan arren, asko ikasi dudan sentsazioarekin nago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide