Bi Zumaia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2017ko urt. 20a, 18:29

Zumaiarrok beti irudikatu izan ditugu bi Zumaia, zubitxikia mugarri: herria eta poligonoa bereizten ditugu hitz egiterakoan. Baina orain, Zumaiako Udala irudi hori errealitate bihurtzera doa.

Zumaiarrok beti irudikatu izan ditugu bi Zumaia, zubitxikia mugarri: herria eta poligonoa bereizten ditugu hitz egiterakoan. Baina orain, Zumaiako Udala irudi hori errealitate bihurtzera doa.

Atzo aurkeztu zigun Zumaiako alkate Oier Kortak poligonoko bizilagunei Udalak prestatu berri duen aparkalekuen plana. Aurkeztutako planaren arabera bi Zumaia bereiztu dituzte: 

  • Zubitxikitik paolaldera bizi diren zumaiarrentzat gune bereziak ezarriko dira beraien zonaldean aparkatzeko arazorik izan ez dezaten. Zonalde horietan ezingo dugu poligonoko bizilagunok aparkatu, ezta kanpotarrek ere. TAO guneetan bakarrik izango dugu aparkatzea, beste edonork bezala.
  • Poligonoan ez da inolako gunerik ezarriko, eta edonork aparkatu ahal izango du, herritar guztiok, baita kanpokoek ere.

Honekin mugikortasun arazoa konpontzeko urratsak eman nahi dira. Baina nire ustez, arazo bat konpontzeko ahaleginean arazo berria sortzen ari da Udala: lehendik ere zaila da poligonoan aparkatzea, udan zein neguan. Ez ahaztu bertan ditugula bi supermerkatu, kiroldegia, anbulategia, eskola, frontoia… eta horrek dagoenekoz sortzen ditu arazoak, sistema berri honekin asko areagotuko direnak. 

Herria bi zatitan banatuko du Udalak, lehen kategoriako herritarrak bihurtuz herriaren zonalde batekoak, autoz herri guztian mugitu eta edonon aparkatzeko eskubidearekin. Poligonoko zonaldea, ordea, lehen zuen arazorekin utzi eta arazo berria gehituko dio: kanpotarren aparkaleku bilakatuko dute, lehendik zegoen arazoa areagotuz.

Atzoko bileran poligonoko bizilagunok gure ezinegona adierazi genion Udalari, alternatibak proposatuz, baina alkateak entzungor egin zuen. Erabakia hartuta dago, ordenantzaren zirriborroa prest, eta martxorako onartuko dute.

Analisian bat nator Udalarekin, baina ez irtenbidean: Zumaiak mugikortasun eta aparkaleku arazo handia dauka, baina arazoa herriaren erdirako bakarrik konpontzeak arazo berriak besterik ez ditu sortuko. 2018an helduko omen diote beste zatiari, baina horrelako konponbideak zatika egitea, zikinkeria alfonbra azpian gordetzea bezala da. Egin ditzagun gauzak behar diren moduan, Zumaiak eta zumaiarrok eskertuko dugu. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide