'Euskara, bestela ez gara' zikloa iragartzeko bideoa kaleratu du Larraina elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Larraina Euskara Elkartea 2026ko otsailaren 6a

Datorren asteazkenetik martxoaren 18ra bitartean egingo duten Euskara, bestela ez gara zikloa iragartzeko spota kaleratu du Larraina euskara elkarteak.

Datorren asteazkenean hasi eta martxoaren 18ra bitartean egingo dute Euskara, bestela ez gara zikloaren aurtengo edizioa iragartzeko spota kaleratu du Larraina euskara elkarteak. Euskara eta euskaldunak ardatz hartuta, hainbat gai landuko dituzte zikloan parte hartuko duten hizlariek, besteak beste, naturaren garrantzia euskal ohituretan, euskarazko kulturgintza eta euskararen geroa.

Hiru hitzaldik eta film laburren emanaldi batek osatuko dute Larrainak udalarekin elkarlanean antolatu duen zikloa, eta azken emanaldia salbu, saio guztiak Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan izango dira, 18:30etik aurrera.

Jakoba Errekondo agronomoak emango du lehenengo hitzaldia, hilaren 11n, eta natura euskal ohituren erdigunean jarriko du solasaldian.

Otsailaren 25eko saiora, bestalde, ezohiko gai bat ekarriko du Nerea Iglesiasek: irrintzia. Antzezlea eta musikaria izateaz gain, Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako kultur arduraduna izan da Iglesias, eta euskarazko kultur ekimenen inguruan jardungo du Marixi Sesma musikariak gidatuko duen hitzaldian. AIAIAI: irrintzia eta komunitatearen garapen artistikoa euskaraz izenburua izango du saioak.

Garikoitz Goikoetxeak eskainiko du Euskara, bestela ez gara zikloaren azkenengo hitzaldia. Iñaki Iurrebasorekin idatzi berri duen Esnatu ala hil liburuaren bueltan hitz egingo du euskara teknikariak, eta euskarak gaur egun bizi duen egoera azaltzeaz gain, etorkizunerako gakoak aletuko ditu.

Iaz bezala, Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak geldialdia egingo du Zumaian. Martxoaren 18an zazpi film labur eskainiko dituzte Aita Mari aretoan, 19:00etan, eta emanaldi horrek itxiko du euskararen inguruan hausnartzea helburu zuen zikloa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide