Jakoba Errekondo arduratuko da bihar Euskara, bestela ez gara zikloaren aurtengo edizioa irekitzeaz, eta agronomoaren hitzaldia iragartzeko spota kaleratu du Larraina euskara elkarteak. Bihar arratsaldeko solasaldian naturaren eta euskal ohituren inguruan ariko da Errekondo.
Otsailaren 25eko saiora, bestalde, ezohiko gai bat ekarriko du Nerea Iglesiasek: irrintzia. Antzezlea eta musikaria izateaz gain, Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako kultur arduraduna izan da Iglesias, eta euskarazko kultur ekimenen inguruan jardungo du Marixi Sesma musikariak gidatuko duen hitzaldian. AIAIAI: irrintzia eta komunitatearen garapen artistikoa euskaraz izenburua izango du saioak.
Garikoitz Goikoetxeak eskainiko du Euskara, bestela ez gara zikloaren azkenengo hitzaldia. Iñaki Iurrebasorekin idatzi berri duen Esnatu ala hil liburuaren bueltan hitz egingo du euskara teknikariak, eta euskarak gaur egun bizi duen egoera azaltzeaz gain, etorkizunerako gakoak aletuko ditu.
Iaz bezala, Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak geldialdia egingo du Zumaian. Martxoaren 18an zazpi film labur eskainiko dituzte Aita Mari aretoan, 19:00etan, eta emanaldi horrek itxiko du euskararen inguruan hausnartzea helburu zuen zikloa.