M7 ONTZIRATU

Herri galdeketa aurrera eramateko sinadura bilketa abiatuko dugu larunbatean, 1.000 lortzea helburu

Erabiltzailearen aurpegia Ontziratu Zumaia 2016ko abe. 15a, 17:06

Galdera eta data zehaztuta, zumaiarron babesa lortzea da eman beharreko hurrengo pausoa. Sinadura bilketa baten bidez egingo dugu hori. Larunbatean ekingo diogu, arratsaldeko zazpietan Martxoak 8 plazan. Galdeketa aurrera ateratzeko beharrezkoa da herritarren %10k babestea, hau da, 1.000 zumaiar inguruk.

Giro alaian egin nahi dugu eta horretarako karpa bat jarriko da. Bertan Ontziratuko kideok gerturatzen den herritar orori galdeketaren inguruko zalantzak argitzeko prest izango gara.  Gainera, trikitilariak, musika eta photocall-a ere izango dira herritarrak sinatzera animatzeko.

Zarauzko Modelo antzokian eginiko aurkezpenean, maiatzaren 7an olatua hartuko duten Urola Kostako zortzi herrietako ordezkariek jada eman zuten beraien sinadura. Zumaiarron kasuan Joanito Dorronsoro, Edurne Egaña, Arritxu Iribar, Jon Maia eta Marie Toure izan ziren Ontziratuk sinadurak biltzeko orrietan izena jartzen lehenak.

Ekitaldi berean zehaztu ziren galdeketaren data eta galdera, Urola Kostako herri guztietan berdinak izango direnak. Galdeketa maiatzaren 7an izango da eta honako galderari erantzun beharko zaio: “Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?”

Zure sinadura guztiona bezain garrantzitsua da. Zergatik eman beharko zenukeen oraindik ez badakizu ea ondorengo galderek laguntzen dizuten:

Zer da Ontziratu?

2017ko maiatzaren 7an Zumaian egingo den herri-galdeketa antolatzeko jaio den taldea da Ontziratu. Erabakitzeko eskubidea bultzatzeko asmoz, Gure Esku Dago herri dinamikak sustatutako ekimena da.

Zertarako herri-galdeketa?

Herri-galdeketan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da helburua, Zumaiako herritarren ideologia, pentsamendu, sinesmen eta kultura aniztasunaren isla izan dadin.

Zein daude botoa ematera deituta?

Zumaian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiak daude deituta galdeketan parte hartzera. Hala ere, herri-galdeketa egin ahal izateko, lehendabizi sinadurak bildu behar ditugu.

Zertarako sinadura bilketa?

Zumaian herri-galdeketa modu ofizialean deitu ahal izateko, herrian erroldatuta dauden biztanleen %10en sinadura bildu behar dugu, 1000 sinadura gutxienez. Abenduaren 17an hasiko gara sinadurak biltzen eta zure parte hartzea ezinbestekoa da!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide