Gaueko itsasadarraren zeharkaldia

Erabiltzailearen aurpegia Taosa igeri kluba 2021ko abu. 17a, 19:10

Joan den abuztuaren 14an, gaueko 10ak aldera, argi ilara bat ikusi zen itsasadarrean zehar mugitzen, ipurtargi kate baten antzera. Ez zen fenomeno naturala, Taosa igeri klubeko igerilariak baizik. Aurten, gaueko trabesiaren II. edizioa burutu da, iazkoaren arrakasta ikusita.

Jarduera hau klubeko kideentzat, heldu zein haurrentzat, eta haien gurasoentzat mugatua izan da. ZTTko igerilariek ere gonbitea jaso dute eta hainbatek parte hartu zuten. 30 bat igerilari izan ziren guztira, horietatik erdiak, gutxi gorabehera, haurrak zirelarik.

Igerilari batzuk itsas kiroldegiko arranpatik atera ziren, eta gainerakoak Arbustaingo arranpla parean gehitu zitzaizkien; jarraian, Kresalaren (Talaipe) pareraino igoaz eta ondoren, berriro Arbustaingo arranplara itzuliaz. Jarduera hori erronka handia da haurrentzat eta helduentzat, ilunpean igeri egiteagatik. Hasierako beldurrak igaro ondoren, pixkanaka-pixkanaka gehiago gozatzen da baldintza hauetan igeri egiteaz, amaierara poztasun haundiz iritsiz. 

Kanpotik begiratuta, argi-katea gaueko itsasadarrean zehar mugitzen ikustea, ikusgarria da. Argiak linternak dira, eta ur irekietan segurtasunez igerian egiteko buietan sartzen dira.

Bertaratu ziren herritarrak txalotu eta animatu gintuzten, baina ez zen ekitaldiaren berri eman jende pilaketak saihesteko asmoz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide