Udalak laguntza eskatu die herritarrei Zumaiako memoria historikoa garatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko ira. 29a, 10:37

Horretarako, bilera batera deitu ditu zumaiarrak gaur, irailaren 29an, arratsaldeko 19:00etan, Alondegian. Azken urte hauetan memoria historikoaren inguruko hainbat ekintza eraman dira aurrera herri mailan, baina Udalak urratsak egiten jarraitu nahi du 1936 eta 1939 urte bitartean gertatutakoa eraiki eta behar bezala islatzeko.

Zumaiako Udalak denbora darama herriko memoria historikoa lantzen. Proiektu honek 3 lan garrantzitsu jasoko ditu: blog bat sortzea, liburu bat argitaratzea eta kanporatuak izan ziren emakumeen historiak kontatzen dituen dokumental bat grabatzea.

Helburua da Zumaiaren historia berpiztu eta eguneratzea, baita ezagutzera ematea ere. Horretarako, Zumaiako Udalak laguntza eskatu nahi die herritarrei esku artean izan dezaketen informazioa, dokumentuak, irudiak eta abar Udalarekin partekatu eta, hala badagokio, Zumaiako memoria historikoaren liburuan jaso ahal izateko.

Horiek horrela, bilera bat antolatu du datorren ostegunean, hilak 29, arratsaldeko 19:00etan, Alondegian, eta bertan interesdunek gaiaren inguruko informazio gehiago jaso ahal izango dute. Era berean, Udalak jakinarazi du kultur etxera edota udaletxera jo dezaketela herritarrek informazioa partekatzeko, edo bestela memoria@zumaia.eus helbide elektronikora idatzi.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide