Joan den irailaren 28an egindako osoko bilkuran, udalbatzak onartu zuen gazteen emantzipazioa bultzatzeko Alokairu Beka programa.
Alegazio epea amaituta, ez du inolako helegiterik jaso, beraz, iragarkia jada GAOn publikatuta, gaurtik aurrera zabalik egongo da programan izena emateko epea. Interesdunek abenduaren 5a arte izango dute dokumentazio guztia aurkezteko epe muga. Oinarrien eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazio guztia udal webgunean izango da eskuragarri.
Alokairu Beka abenduan jarriko da indarrean eta programaren lehen onuradunek 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute. Horrez gain, aurtengo eskaera mailari erreparatuz, datorren urteari begira programara bideratutako 30.000 euroko kontu saila handitzeko konpromisoa azaldu du Udalak.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Programa honetan izena emateko, Udaleko harreran edo webgunean eskuratu ahal izango den eskaera orriaz gain, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
- NANaren fotokopia (Adin txikikoen kasuan, familia liburuaren fotokopia).
- Alokairu kontratuaren kopia.
- Kontu-korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria.
- Errenta ordaintzen dela frogatzen duen banku-agiria (originala edo fotokopia konpultsatua).
- Etxebizitzen jabe ez izatearen ziurtagiria (jabetza erregistroan igorria).
- Ondasunei, ogasunei, zergei eta diru-sarrerei dagozkien agiriak (nominak, errenta aitorpena…).
- Administrazioaren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela egiaztatzeko dokumentazioa.
- Ikasten egonez gero, ikasketa ofizialen agiria.
- Bizikidetza-unitateko kideren bat banandua edo dibortziatua, edo izatezko bikoteari utzi badio, egoera horri dagozkion agiriak.