Azaroaren 11ko greba orokorra

EAJ, erantzukizunez hitz egin, ez hitz handiz

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Ernai

Ernaiko kideak etxebizitza duinaren aldeko pankartari eusten, A11ko manifestazioa herriko kaleak zeharkatzen ari zen bitartean (Ernai)

Azaroaren 11ko greba orokorraren biharamunean, Batzokiaren aurrean eta herriko beste leku batzuetan azaldutako pintaketak gaitzetsi zituen EAJk, horiek indarkeriaren markoan kokatuz eta Ernai erakundea seinalatuz. Ernaik adierazpen horri emandako erantzuna da honakoa.

Azken egunotan, EAJk etxebizitzaren arazoaren inguruan egindako salaketen aurrean emandako erantzuna ikusita, gauza bat argi geratu da: eztabaidari aurre egin beharrean, eztabaida desitxuratzea nahiago duzue.

Pintaketez, kaltetutako pertsianez eta objektuez hitz egiteko premia sentitu duzue. Baina haur txikiak dituen familia bat etxetik botatzen dutenean, Ertzaintzaren kolpeen artean, ez dugu zuen kezka eta gaitzespen bera ikusten.

Bizikidetzarekin ahoa betetzen zaizue, baina Madrilen milaka maizterren egonkortasuna bermatzeko neurri baten aurka bozkatu duzue. Azaroaren 12an, alokairu kontratuen luzapen automatikoa ahalbidetzen zuen dekretuaren aurka egin zenuten, PP, VOX eta Junts-ekin batera. Erabaki politiko horrek ondorio zuzenak ditu alokairuan bizi diren pertsonengan.

Eta Zumaian ere badugu zer esana. 2024ko otsailean, Zumaia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko bultzada emateko mozioa eztabaidatu zenean, EAJ abstenitu egin zen. Aldi berean, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak gero eta handiagoak direnean, etxebizitza turistikoen negozio eredua defendatzen duzue.

Zumaian milaka lagun atera ziren kalera A11ko greba orokorrean, goizetik gauera arte. Sekulako arrakasta izan zuen mobilizazioak, eta agerian utzi zuen herritarrek ez dutela onartzen etxebizitza oinarrizko behar bat negozio eta espekulazio-iturri bihurtzea. Etxebizitza eskubidea da, ez pribilegioa.

Herritarrek etxebizitzaren arazoa agendaren erdigunean jarri dute. Eta horren aurrean, EAJk fokua desbideratzea erabaki du: pintaketez hitz egin, grebaren antolatzaileak seinalatu eta benetako eztabaidari ihes egin. Eztabaida desitxuratzea errazagoa da, antza, zuen erabaki politikoei buruzko azalpenak ematea baino.

Zumaian asko dira alokairuan bizi diren gazteak, beren etorkizuna ziurgabetasunez ikusten dutenak, kontratua amaitzean etxebizitza galdu eta beste norabait joan behar izateko beldur direnak. Baina gazte horien eta egoera zaurgarrian dauden milaka herritarren ondoan kokatu beharrean, EAJk etxebizitzarekin negozioa egiten jarraitu nahi dutenen interesen aldeko erabakiak hartu ditu.

Ez gara inor iraintzera atera. Erantzukizun politikoak eskatzera atera gara. Eta ez dugu onartuko eztabaida desbideratzea, benetako arazoari buruz hitz egin behar denean.

Pintaketa bat garbitu daiteke. Familia bat etxegabetzen denean, ordea, bizitza oso bat dago jokoan.

Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa. Eta eskubide horren alde kalean jarraituko dugu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide