Ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako estatua, botere judizialaren bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez. Urrutiegi iritsi da. Herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino. Eta orain Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu nahian dabil. Oso larria da hori. Demokrazia batean aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe.
XXI. mendeko kultura politiko berriari atea zabaldu diote katalanek eta erakutsi dute herritarren gehiengoaren borondatea beste mugarik ez duela etorkizun justuago batek. Era baketsu eta zibikoan egin dute, irribarre batekin ahoan. Bi Jordien lan infinitua aitortzeko, babesa emateko, eta bidegabekeria salatzeko, kalera aterako gara gaur. Ezin gara albora begira geratu.
Egoeraren larritasuna ikusirik, Gure Esku Dagok elkarretaratzeak deitu ditu gaur arratsalderako ‘Junts’ lelopean, 19:00etan Euskal Herriko plazetan.
Zumaian, Erribera kaleko magnolion, hainbat eragilek elkar harturik, giza kate bat eratu eta bi zubien arteko ibilbidea osatuko dugu gaur, 19:00etan. Egoeraren larritasunak guztion ahotsa behar du. Zatoz zu ere giza-kateko zure zatitxoa betetzera.