Urrutitik sumatu dugu ez zela ohiko arto, baba, patata edo antzekoa, kolore horiska zeukalako eta trinko ikusten zelako, itxia. Hurreratuta, berehala egiaztatu dugu: garia da eta!
Lehen ohikoa omen zen garia (eta tabakoa!) lantzea Zumaiako eta Oikiako baserrietan, baina nik ez daukat gogoan inoiz ikusi izana, eta zaharrenei galdetuta, izango omen dira 40-50 urte, garai hartatik. Bide bazterretik, begira aritu gara, harrituta, eta ikuskizuna biribiltzeko, Basakarte aldera, azeri batek kuku egin digu eta desagertu egin da zuhaitz artean.