Ez gara supermanak, ez gara superwomanak, baina haiek bezala denok ditugu superbotereak, askotan akordatzen ez bagara ere.
Superbotere horietako bat da ikusmenarena: aurrealdean orain daukaguna ikusten dugu, baina horretaz gain, gaitasuna daukagu lehen hor zegoena ere ikusteko. Probatu! Neuk erakutsiko dizuet, erraza da-eta: hemen, aurrealde honetan, Telefonicako edifizioa zegoen, adreilu gorrizkoa; eta hor alberga, sarrera eskaileren aldetik, maila bat behera; begira…, paretan oraindik ere badaude arrastoak, ur-malkoak, nola hor zegoen ur-depositua, Sanjuaniturritik sobran zetorren ura gordetzeko; hor zegoen Periko Ostolazaren aroztegia, aurretik Txonperekin sozio zeukana…; honuntzago, Motos Diaz, zenbat jende… bizikletak… motorrak… motozerrak…; honuntzago, Ispizuaren txatarreria, aurretik porlan-almazen izandakoa; eta hor, atzealde osoan, dena hartzen zuela, Carmelo Unanueren fabrika; izugarria, handia, luzea, ia Ardantzaraino; oraindik entzuten dut tarteka sirena jotzen goizeko zortzietan, eta ikusten dut langile pila bat, arropa urdinez jantzita, lanera.
Superboterea da, baina batzuek izen arruntagoa ematen diote, oroimena edo memoria deitzen diote. Superbotere hori, ordea, nahikoa motza da, asko jota gure edadea adinakoa; zenbat eta zaharragoa, orduan eta superbotere handiagoa, baina behin edade batetik aurrera, galtzen joaten gara, ahaztu egiten ditugu komeni ez zaizkigunak. Nire oroimena, adibidez, 1970era iristen da, orduko kontuetara, eta hortik behera ez dut ezer ere ikusten. Baina badakit, inguru honetan, lehen ura zegoela, eta hemendik Ardantzara txalupan joaten zirela, ura goian zegoenean, eta mendiaren barrenaldetik zihoala bidea; Larretxo aldera, berriz, harrobia zegoen, Txintxuarena; badakit, hemen bertan, errota bat izan zela, marearekin eta uraren indarrarekin funtzionatzen zuena; badakit zubi bat zegoela, eta horregatik izena zuela Zubiaurre San Telmo kale honek; badakit errota martxan egon zela urte askoan, XIX. mendearen amaiera arte, eta desagerrarazi egin zutela saneatu egin behar zutelako hau dena, uste zutelako gaixotasun kutsakor batzuen sorlekua zela inguru hau…
Hori guztia ez nuen ezagutu, ezin dut ikusi nire superboterearekin, baina badakit eta imajina dezaket Rafael Del Pilarren eta Rafael bezalako beste batzuen lanari esker. Isilik, zalaparta handirik gabe, trukean ezer eskatu gabe, eskuzabal, umil, irmo, zenbat eta zenbat lan egin duten gure iragana ezagutzeko eta gure izanari gorputza emateko… Rafaelek ez du erraz onartuko laudorio-hitzik, are gutxiago omenaldirik, baina aitortu egin behar zaio eta aitortu egin behar zaie egindako lana. Horregatik, egiten dutena egiteagatik, bihotz-bihotzetik eskerrak eman nahi dizkiet Rafaeli eta Rafael bezalako beste batzuei (eta nahi baduzue, izena ere jarri: Peio, Jabier, Xabier, Ismael…).
Aurrerabidearen izenean, gehienetan uko egiten diogu gure izanari, molestatu egiten digute gauza zaharrek, ezertarako balio ez dutelakoan, eta gure ondare bereziak eta bakarrak, batzuk materialak, beste batzuk immaterialak, desagerrarazi egiten ditugu, batzuetan nahita, beste batzuetan nahi gabe. Momentuan ez ditugu baloratzen, baina handik urteetara akordatzen gara haietaz, sarritan penaz eta damuaz, eta urrutira joan gabe, hemen bertan edo hemendik hurre ere badauzkagu horren adibideak: Arbustaingo garabia… Arbillagaren fabrika… adokinez estalitako kaleak… Beheko alberga… Goiko alberga…
Rafaelek, Arrangoleta liburuaren hasieran, eskaintzan, hauxe idatzi zuen: “RESCATAR DEL OLVIDO / VIEJOS RECUERDOS / PARA QUE NO MUERAN”, eta hitz horiek oso egokiak iruditzen zaizkit gaurko ekitaldirako ere: iraganetik oroitzapen batzuk, ikasitako batzuk ekarri nahi ditugu hona, ez ahazteko, ez hiltzeko, eta haiekin akordatuta, biziarazteko.
Eskerrak eman nahi dizkiot Udalari, bai zinegotziei, bai teknikariei, ideia hau edukitzeagatik eta erabakia hartzeagatik. Gaur izena eman behar diogu plaza honi, Mareaerrota plaza deituko diogu, eta Mareaerrota ikusten eta esaten dugun bakoitzean, jakingo dugu hemen errota bat izan zela. Eta belarria erne jarriz gero, nahi baldin badugu, entzungo dugu ttak… ttak… ttak… soinua, errota alea ehotzen ari dela, marea gora eta marea behera, errotaren bihotz zaharra martxan, betiko, gure oroimenean.