Hau irakurtzen duzuenerako, gehienok baztertuko zenuten urte hasieran hartutako asmo onen bat: kirol gehiago egitea, osasungarriago jatea, ikastaroren batean apuntatzea… Ez dut inor gogogabetu nahi, baina egunkari batean irakurri dudanez, hamarretik zortzik otsailaren amaierarako bazterrean utziko ditugu hain gogotsu eta gartsu hartutako asmo onak. Arrazoi nagusiak ere irakurri ditut: nahi horiek ez izatea errealistak, lausoak eta zehaztu gabeak izatea, gure esku ez egotea… Zuen kasua hori baldin bada, esperantza izpi bat eman nahi dizuet: uste baino lehenago etorriko zaigu 2027a, berriz ere geure buruari gogor egiteko.
Baina ordura arte zain egon gabe, proposamen bat egin nahi dizuet, badelako asmo on bat denon eskura dagoena, errealista, zehatza, merkea eta satisfakzio handia emango dizuena: aurten euskaldun(ago) jokatzea. Izan ere, euskaldunoi aspaldi piztu zitzaizkigun alarmak, eta pizkundea eta euskararen aldeko olatu berri bat aldarrikatu zuen euskalgintzak Bilbon abenduaren 27an; Esnatu ala hil esan berri digute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok, euskararen datu kezkagarriak eskuan; zaplaztekoa zaplaztekoaren gainean ematen digute epaitegietan… Hain urrutira joan gabe, Zumaian ere txakurrak oinutsik: harro esaten dugu herri euskaldun batean bizi garela, baina Larraina euskara elkarteak egindako neurketaren arabera, gure dendetako eta tabernetako hizkuntza paisaian euskara ez da nagusi, eta kalean begiak zabaldu eta belarria zorroztu besterik ez dago konturatzeko zenbateko indarra daukan gaztelaniak gurean.
2027ra arte zain egon gabe, proposatu nahi dizuet euskaldunago jokatzeko, bakoitzak bere tamainan eta ez zuri ala beltz, dena ala ezer ere ez: etxepeko edo elkarteko urteko bileran euskaraz (gehiago) egitea, eta ez makurtzea baten batek ez dakielako euskaraz; dendan zerbait erosiz gero, tiketa euskaraz ote dagoen begiratzea, eta hala ez baldin bada, euskarazkorik badagoen galdetzea; bankuko edo aseguruko paperak euskaraz eskatzea; tabernan hutsa eta ebakia eskatutakoan "no entiendo, en castellano" entzunez gero, berriz ere "hutsa" eta "ebakia" esatea, lasai eta poliki, patxadaz; kanpotar batek Amaiako plazan laermita, larroca edo laplayaz galdetutakoan, azalpenak euskaraz ematea, eta ulertzen ez badu, orduan egitea gaztelaniaz; familian ados ipini, eta denek batera abizenak euskaraz jartzea; mobileko ohiko mezuak euskaraz zuzen eta txukun idazten ikastea (eta ez beti zalantzan, s ala z, tartean h-a non sartu); eguraldiaz eta kirolaz gain, euskararen eta euskaldunon egoera kezkagarriaz hitz egitea lagunekin, familian, lantokian… Alegia, geuk ematea pauso txikiak geure egunerokoan.
Aurten ere saltaka egin dugu Korrikan, baina alferrik da martxoaren 25ean petxua aterata hamar kilometro egitea, hurrengo egunean beti bezain geza, epel eta txepel jokatu behar baldin badugu euskaraz, "egingo dute gazteek" esanda, eskuak garbituta, euskararen dema umeena balitz bezala. Piztu eta esnatu behar dugu, baina geuk, inoren zain egon gabe, zumaiarrok egiten dugulako euskaldunago Zumaia; eta jabetu, geure txikian eta egunerokoan pixka bat mugituta, besteengan asko eragiten dugula, zerbait aldarazten dugula.
Oraindik garaiz gaude 2026rako asmo on bat jartzeko. Baten bat animatuko a(ha)l da?!