Gaur Zumaian ezabatu duten mural berdina egiteagatik atxilotu zituzten pasa den asteartean Iker Moreno torturatuaren aita, ama, anaia eta kuadrillako bost lagun. Haiekin elkartasunez eta torturaren aurkako aldarria zabaltzeko asmoz egun berean murala egin zuten Zumaian. Egileek oso argi adierazi zuten muralaren zergatia Baleiken: http://baleike.eus/zumaia/1461139446489
Iker Morenoren kasu lazgarriaren aurrean Zumaiako Udal gobernuak egin duen bakarra izan da elkartasun keinu eta giza eskubideen aldeko mural hori ezabatzea. Turistentzat herri polita nahi dutela aitzakia hartuta, zumaiarron kaleko adierazpen oro zentsuratzen ari dira goizero-goizero. Eta laster, idatzi nahi duten ordenantza baliatuz, zentsuratzeaz gain isunak jartzeko aukera izango dute.
Zorionez, Zumaiako 30 talde baino gehiagok ez dugu eredu autoritario horrekin bat egiten, eta zumaiarroi gure proiektu, amets eta kezken berri ematen jarraituko dugu naturaltasun osoz. Debekuak debeku, kalea guztiona delako.