Isilik egoten ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 28a

Maddi Txintxurretak maiatzeko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Duela gutxi irakurri nuen kontsumitu ohi ditudan infusio poltsatxo komertzialek gure organismoei kalte egiten dioten mikroplastikoak askatzen dituztela, eta hainbeste kezkatu ninduen oharkabean gorputzean sartzen ditugun substantzia kaltegarriez jabetzeak, ezen zigarro bat piztu behar izan bainuen lasaitzeko. Ironia dirudi, eta bada, baina agian ez guztiz: bulkada pertsonal baten gainetik beharko luke osasun kolektiboaren bermeak.

Hiru minutuz berotzen dut mikrouhin labean katilu bete ur, gero infusioa hartzeko. Aprobetxa nezakeen denbora hori sukaldean erratza pasatzeko, hautsa kentzeko edo hurrengo eguneko bazkaria kazolatik tuperrera pasatzeko, baina hiru minutuk ez dute askorako ematen, eta egia esatera, mikrouhinak badu errealitatetik desaktibatzen eta pentsamenduetara erakartzen nauen indar berezi bat.

Trantze horietako batean gogoratu nuen San Telmo festetako lehenengo larunbateko gauean Zumaiako Mugimendu Feministako kideek gehienez ere hiru minutuz hartu zutela txosnako oholtza festazaleei gogoratzeko ez zutela inolako erasorik onartuko. Ez zait mirari bat iruditzen hiru minutuz jendea isilik egotea, ez dut uste asko eskatzea denik, are gutxiago Zumaiako txosna bezalako eremu ia itxi batean, baina, antza, bada. Gizon zalaparta txosnaren atzeko aldean, ez soilik oholtzatik esaten zutenari entzungor egiten (hala balitz, gaitzerdi), baizik hiru minutuko irakurketa baten gainetik deiadarka, esango nuke, nahita. 

Ezin hiru minutuz isilik egon, ezin hiru minutuz espazioa fisikoki eta sinbolikoki okupatzeari utzi. Txosnaren aurreko erdian, hainbat lagun atzekoei isiltasuna eskatzen, alperrik. Oholtzan, bitartean, dozena bat kide gorputza jartzen eta esan beharrekoak esaten, halabeharrez ahotsa behartuta. Bale, parrandarako gogoz zeuden denak –baita talde feministakoei isilik entzuten zeudenak ere, bide batez–, baina norbanakoen bulkaden (a.ka. errespetu falten) gainetik behar luke aldarrikapen eta ongizate kolektiboak. Zeren, bakoitzak har ditzala nahi beste zerbeza, baina indarkeria matxistaz, arrazistaz edo LGTBIQ+foboaz hitz egiten ari bagara, osasun kolektiboaz ere ari gara. 

Eta zalantza sortu zait: Mugimendu Feministako lagunek hitz egin gabe eutsiko baliote txosnagunean gutxieneko isiltasuna izan arte hiru, hamar edo hogei minutuz, eta hortaz, geroko kontzertuak atzeratuko balira, gizon zalaparta itzali ala biderkatu egingo litzateke? Ez litzateke bidezkoa izango kide feministei eskatzea proba hori egin dezaten, soil-soilik jendeak ez duelako isilik egoten ikasi. Santelmoetako lehen larunbatean, 22:03etan, irakurketa feministaren osteko txaloek estali zuten une batez gizon zalaparta, bederen. Jaitsi ziren oholtzatik Mugimendu Feministako kideak, igo ziren hiru gizon, eta festa bere onera itzuli zen. 

Egin du txistu mikrouhin labeak eta iratzarri nau trantzetik. Infusioa hartu, eta lotara. Agian hori egin beharko lukete egoten ez dakitenek ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide