Gure bizitzen kudeatzaile bilakatu gara nonbait, kasik protagonismo osoa galtzeraino. Halaxe irakurri nion Imanol Epelderi Argia aldizkarian buruarekin hark esandakoak baiezten nituen bitartean, eta bekokia zimurtuta oso fuerte pentsatzen utzi ninduen zarauztarrak esandakoak. Excel orri batean biltegiratu dugu gure existentzia galkorra. Bizitzak gu egin gaituen arren, bizitza egiten saiatzen gara gu, gure buruaren agintari krudelak bilakatu arte: erauzten ditugu derrigor aukeratu behar direla gomendatu diguten zenbait arlo (lana, kirola, harremanak), antolatzen ditugu kutxatila karratu desberdinetan, eta esleitzen diogu bakoitzari eskaini behar (nahi, ahal) diogun denbora, alor horietako bakoitza ahal bezainbesteko trebeziaz menperatzeko. Urkullu is a robot, eta gu ere bai. Distopian geunden Pello Reparaz iritsi aurretik.
Bizitza kaosa eta aldaketa den arren, saiatzen gara guk geuk eraiki dugun eskema horretara ahalik eta zorrotzen doitzen. Langile onak izaten eta lanak uzten digun denbora librea askatasunez gabetzen, hots, okupatzen, hots, galtzen: ahaztu paseoak eta egin korrika, denbora gutxiago inbertituta kilometro gehiago egingo dituzu. Lagun honi kafe bat eskainiko badiozu, gimnasiora ezin joan geldituko zara, beraz, mendi buelta egitea proposatu lagunari. Merkealdiak harremanetan. Aprobetxatu jendearekin zauden uneak asko-asko hitz egiteko, azkar hustu eta ahaztu belarriak etxean, besteen penak ez dira zure mobida. Egiten duzun horrek ez du baliorik baldin eta kontatzen ez baduzu; izena duenak izana du, beraz, elikatu sare sozialak, neurtu laguntasuna atsegin dut-etan. Eros ditzagun Zetakek urtebete barru emango duen kontzerturako sarrerak orain; gaurko nagikeria, biharko FOMO-a. Kapitalismo zuhurra, arriskuari aurrez begiak ezarri, kalte handiak ez daitezen etorri. Kontzertu bat zuzenean, urteko gauzarik analogikoena! Baina grabatu ahal duzun guztia, zirkuaroaren testigu izan zinela jasota gera dadin. Ba hori, izena eta izana.
Mundua aldrebes dagoela iruditzen zaizu? Lasai, arazo guzti-guztiek daukate aterabide pertsonal bat: Gazako haurren irudiak ikusteak apur bat urduritu bazaitu, arnasketa kontzientea egin hamar minutuz. Itzali telebista, Venezuelako lurrikarek ez dute zure zorua dardaratuko. Ez entzun Nakar, entzun ETS. Prekarietate egoeran zaudela? Egin terapia, pobreagoa izango zara, baina hobeto eramango duzu. Etxebizitza arazoaren aurrean, cohousing irribarretsuak. Nahi baduzu, ahal duzu. Uxa pentsamendu negatiboak, jarri asmr entzungailuetan, piztu intsentsua. Mundua erdibitzen ari da, baina edalontzia beti erdi betea ikusten duen aldean erori zara zu. Besteen egarriak ez zaitu itoko.
Tik Token emango diozu akabera egun bati eta hasiera besteari, scroll, erpurua artrosira eta burua anestesiara kondenatu arte. Pasioari prezioa jarri diogu eta presio bilakatu dugu. Nola da posible, dena txukun-txukun antolatuta izan eta antsietateak jota egotea? Nork utzi ditu jolasa, desfasea, inprobisazioa, sorpresa eta baretasuna helduaroko exceletik kanpo? Hor konpon, gora autozaintza! Krema, infusioa eta ongizate kolektiboaren hilobian dantza.