Partida hau ez dut paternalisten taldean jokatu nahi

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Txintxurreta

Urriko Zumaia Guka aldizkariko Korapiloa atalean argitaratutako iritzia da honakoa.

Pasatu dudanez jadanik 30 urteen langa, eta berandu konturatu naizen arren, nahi gabe ere helduen partidan jokatzen (eta zalantzarik gabe, galtzen) ari naizenez, baliatu nahiko nituzke lerro hauek etorkizuneko ni horri, exisituko bada, eskatzeko ez dadila errenditu helduaroko jite paternalisten eta handiusteen tentazioen aurrean. Eutsi diezaiodala gogor, ez gaztaroari, baina bai deskubritzeko grinari, uler dezadala zahartzeak ez duela berezko berriari uko egitea. Zin egin dezadala ez dudala esaldirik hasiko "gaur egungo gazteak" formula pedantearekin, ez dudala mespretxuz bafatuko Chill Mafia berriak munduratzen direnean, eta saiatuko naizela nire belarriak intonatzen besteak desafinatuta daudela esan beharrean. 

Ez nuke susmo txarrez bekozkoa zimurtu nahi gazteak nik iritsi ez ditudan eztabaida politikoak plazaratzen dituztenean, poztu nahiko nuke nire ulerkera gaindituko duten liburuak irakurtzean, eutsi nahiko nioke jakin-minari, jakiteak minik ematen ez duenez gero. Belaunaldi berrieri zor zaien konfiantza izan nahiko nuke, haien agentzia aitortu eta errespetatu eta erreferente berriak entzun nahiko nituzke; iritziz aldatzea ez dela porrot egitea, horrekin ere akordatu nahiko nuke etorkizunean. Nahiko nuke ez dezadan gazteen mundua arrotz sentitu, nahiko nuke etxe txiki bat izan haiek imajinatuko dituzten mundu berrietan. 

Partida honetan ez dut paternalisten taldean jokatu nahi. Gaur egungo gazteak indibidualistak direla esaten dutenei eskatuko nieke parte har dezatela herriko festen antolaketan. Gaur egungo gazteak mugikorrari itsatsita daudela esaten dutenei eskatuko nieke Candy Crush-eko partida uzteko. Gaur egungo gazteak orain neska, orain mutil, orain jirafa izan nahi dutela esaten duten transfoboei eskatuko nieke utz diezaiotela dinosauroak izateari. Gaur egungo gazteek lanerako gogorik ez dutela esaten dutenei erantzungo nieke: "Jakina! Zuk bai, ala?". Gogoraraziko nieke gogoarekin ala gabe, berdin-berdin egiten dutela lan, sarri trukean gutxiegi jasotzen duten arren, gainera. Esaten dutenei etxebizitza larrialdiaz kexu diren gaur egungo gazteek ez dituztela beraiek etxebizitza lortzeko izan zituzten arazoak eskatuko nizkieke Jacan duten etxearen giltzak. Gaur egungo gazteek osasun mentalari garrantzia ematen diotelako ahulak direla esaten dutenei erantzungo nieke: "Lasai, Jose Luis, ez da ezer pasatzen jendearen aurrean negar egiteagatik!". Gaur egun ezin dela ezer esan esaten duten, eta errepikatzen duten, eta berresten duten, eta azpimarratzen duten horiei guztiei eskatuko nieke pixka batean isiltzeko. Esaten dutenei gaur egungo gazteek ez dituztela ezagutzen eta aitortzen garai bateko borrokak, erantzungo nieke: "Wafa, Wafa, Wafa, Wafa". 

Partida honetan ez dut paternalisten taldean jokatu nahi; birritan idatzita utziko dut, badaezpada, ahaztu ez dezadan. Giltzaperatu nazatela gaztetxean "gaur egungo gazteak" ahoskatuko dudan egunean eta ez ditzatela entzun nire erreskaterako erreguak mus partida jokatzen ariko diren Jose Luisek. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide