Gabon antiepelistak, serotoninaren iheslariak, maitasunaren hipotekatzaileak, lan egunen goigerlariak, kopetan muxuaren behar metafisikoa duzuen hardcoretak. Zertan zabiltzate, kaosaren pisukideak, maitasunaren ninjak, zinta amerikanoaren geishak, eguneroko patxada merkearen poetak, enpatiaren kamikazeak, goxotasunaren yakuzak, cruising-aren plusmarkistak?...".
Nakarren kantuak epelkeriaren aurkako manifestua egiten du; manifestu antiepelista, azken urteotan bolo-bolo dabilen terminoa da horixe bera. Badirudi, egun nahiago dugula beixez jantzi koloretan baino, isilik geratu iritzia eman baino, epela izan beste edonola agertu baino. Sinbologiatik haratago bizitza bizitzen dugun modua baldintzatzera arte hedatzen da jarrera hori, baina zer da zehazki epela izatea?
Epeltasuna agertzeko eta egoteko modu bat da, ezer ez eta aldi berean zerbait dena, ez hotz eta ez bero; erdi dena, erdi ezer. Linbo moduko bat, erortzear den luizi batean zein aldetara erori ez dakien harria; bizi duguna zalantzan jartzen ez duena, ondo deritzona, erosoa zaiona; guztiari baismoa da kontsigna! Baina zerri zor zaio hori?
Uniformizazioaren olatu kontserbatzaile bat bizi dugu; esango nuke beti erabili izan diren tresnen azalberritze bat besterik ez dela hori. Eskubideak defendatzeak cringe-a (auzo lotsa) ematen duen honetan, jada ez da tribu urbanorik, badira iritzirik partekatzen ez duten kuadrillak, baita dantzatzen ez duten gaupaseroak ere. Munstroa handitzen doa eta guri ez zaigu axola, ez gara exageratuak, dramatikoak.
Esango nuke kulpa kristauaren eboluzio bat baino ez dela lotsa menderatzaile hori, eta paralizatzen duen era berean, bizitzaren gozamena itotzen eta murrizten du. Are gehiago, gizartea kontrolatzeko erreminta horrek, kontrakoa dirudien arren, polarizazioa dakarrela esan dezakegu, ez baitu aburuen elkarbanatzea normalizatzen, eta praktikan jartze ezak eragin biziki arriskutsuak dakartza. Boterea ez da kuestionatzen eta sortzen dituen desorekei entzungor egitea suposatzen du horrek, enpatian arrakala handi bat sortzen duen konformismo merke bat da. Azpimarragarria zait epela denak uste duena baino gehiago galtzen duela epelkerian, bai guk, baita Rosaliak ere, Picasso ezagutu gabe iritzirik eman ezin duela dioenean, -ismo batean sartzeko gai ikusten ez denean. Artista eta obra banatu nahi ditugun honetan, geu ere bihurtu gara zerbait iritzi bakoa, bi pertsona goputz batean: ni eta nire iritzia.
Antiepelista izatea zerbait desiragarri bihurtu behar dugu, kendu baino gehiago ematen diguna, sentitzen dugunaren eta munduaren arteko sinkronia batez gozatzeko aukera emango diguna, topaketa bat zerbait uztartuko duena. Azken finean, zer gara ez bagara gure sinesmenak, mugitzen gaituen hori, emozionatzen eta haserretzen gaituena. Ez da inoiz "gu"-rik izango ez bada osoa, akastuna eta kontraesankorra. Gorputz bat egonagatik hori baino gehiago dena. •