Hondar hareak

Erabiltzailearen aurpegia Sara Uribe-Etxeberria Atxurra

Urriko Zumaia Guka aldizkariko Nire Txanda atalean argitaratutako iritzia da honakoa.

Badirudi uda badela etenaldi bat errutinaren eta kaosaren zurrunbilo horretan, egunak bat-batean politak, lasaiak direla, eta denak beste zentzu bat irabazten duela. Urteko garai maiteenak hondartzetako koktelen idealizaziotik haratago utzi ditu bereak, eta Instagramek kontrakoa sinetsarazi nahi dizun arren, ezer ez da inoiz perfektua. 

Udako eguzki printzek bete dituzte hango eta hemengo hondartzak, eta aldaketa klimatikoaren arrastoak laga dizkigu inoizko tenperatura altuenak, baita oraino erosi ez genituen haizagailuak ere. Tabernetan entzuten da udako kantua ("eh yah-yah, eh, yah- yah..."), hondartzako aulkiak eta flotagailu erraldoiak kaleetan barna: eguzkitako krema eta izerdi usaina uztartu dira beste zerbait sortzeko. Aldaketa klimatikoaren negazionistek ikusi dituzte beste behin mendiak sutan, urteroko piromania dosia balitz bezala. Turismoak dirua sortzen duela baieztatu du gizon batek albistegietan masifikazioaren aurkako aldarriak agertu direnean. Ondoan turista bat eseri zaio, eta oharkabean (edo ez) bere edaria edan du, "sorry" esan du ondoren. Denok gara turistak nonbait, hau da, denok ematen dugu nazka apur bat munduko beste txokoren batean, baina sostenga ezina dena zer preziotan eta zeinen lepotik egiten da? Mundialak ere okupatu ditu gure pantailak, hizketak, baita batzuen kamisetak ere, eta egiari zor, herria zapaltzen duten modu berean zapaltzen dituzte emakumeak horrelako ekitaldiek. Azken inkestek emakumeenganako biolentzia esponentzialki igotzen dela aitortu dute, hankak baloia kolpatzen zuenean, atean sartzen zenean nahiz horrela suertatzen ez zenean. Zer esan argaltasunaren diktaduraz; aurtengoan inoiz baino gogorrago kolpatu du osasunaren izenean ezkutatzen den industriak, ezin inor salbatu munstro erraldoi horretatik. Badira, baita ere, seismoak munduan zehar, naturalak zein artifizialak; gerrak eta desastre naturalak. Genozidioak ez ditu oporrak hartu beste behin.

Jada urria da eta beach club koipetsuek itxi dituzte beren ateak, gorde dituzte gainprezioan saltzen dituzten sangrien iragarkiak, eta tristea dirudien arren, ez da happy hour gehiagorik egongo. Argi geratu da mundu honen dekadentziak ez duela itxaron unerik, tartetxo bat ere ez; hori ere oporrik gabeko makina bat da beste milaren antzera. Bitartean geratuko zaigu atsedena, motza izan bada ere kasu gehienetan, eta dena bihurtuko da hurrengo urtera arte familian zein lagun artean erromantizatuko dugun espazio-denbora goxo bat. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide