Toledon jokatutako borrokaldiak irabazi dituzte Zumaiako boxeolariek

Erabiltzailearen aurpegia Zumaia Cuban Boxing 2025eko irailaren 29a

Magnevy eta Chavarria, Ruben Arredondorekin. (Zumaia Cuban Boxing)

Irailaren 13an eta 20an izan zituzten borrokaldiak Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeolariek. Bietan ere nagusi izan ziren Zumaiako klubeko kideak. 

Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeolari Jared Chavarria (60 kilo, juniorra) eta Jesus Magnevy (60 kilo, elite kategoria) pasa den irailaren 13an eta 20an Toledon (Espainia) jokatutako boxeo txapelketa batean lehiatu dira. Amateur mailako boxeolariez gain, profesional mailako borrokaldiak ere hartu ditu Gaztela-Mantxan jokatutako jaialdiak.

Chavarriak jokatutako bi borrokaldiak irabazi zituen, epaileen aho batezko erabakiaren arabera. Erritmo handiko boxeo teknikoa erakutsi zuen, eta borrokaldiko hiru roundetan izandako kolpe trukaketetan nagusi izan zen. Magnevy, bere aldetik, distantzia laburrean eta ertainean indartsu agertu zen. Bi borrokaldietan K.O. utzi zituen bere aurkariak: hirugarren roundean lehen borrokaldian, eta bigarrenean bigarrengoan. 

Klubean pozik dira biek ala biek egindako lanarekin. Orain, urriaren 11n Donostiako Atano III.a frontoian egingo den boxeo gaurako prestatuko dira. Zumaiatik, Iñaki Lope Xolomo eta Jesus Magnevy lehiatuko dira, lehena 71 kiloan eta 62 kiloan bigarrena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide