Boxeo jaialdia egin zuten larunbat arratsaldean Ermuko kiroldegian. Hamar borrokaldi izan ziren, eta haietako batean, 73 kilotan, Zumaia Cuban Boxing klubeko Mikel Olaskoaga igo zen ringera. Merezitako garaipena lortu zuen, aurkariak borrokaldia hirugarren roundean utzi eta gero.
Lehen roundean kolpe gogorrak partekatu zituzten bi boxeolariek, baina bigarrenean dominatzen hasi zen Olaskoagak; kolpe indartsuak eman zituen Zumaiako klubeko kideak, eta bitan ere borrokaldia moztu behar izan zuten epaileek denbora kontaketa egiteko. Hirugarrenean, beste kolpe gogor baten ondoren, borrokaldia eten zuten epaileek eta garaipena Olaskoagari eman zioten.