Gizontasun eredu berriak

Ione de la Cruz Plazaola: "Eredu dikotomikoak oso bizirik dirau"

Ane Olaizola 2024ko mar. 8a, 09:00

Ione de La Cruz Plazaola. (Utzitakoa)

Azpeitiko Emakumeen Txokoko teknikaria da De la Cruz. 

Mugimendu feministak nola begiratzen dio gizontasun eredu berriari?

Mugimendu feminista oso anitza eta zabala da, beraz, zaila da galdera horri erantzutea. Nik uste, feminismotik ez zaiola begiratzen gizontasun ereduari bereziki. Genero rolei eta desberdinkeriek eragiten dituzten indarkeriari eta bortizkeriari begiratzen zaio; eta horiei buruzko irakurketak dira kritika zuzena egitera garamatzatenak egungo gizontasun ereduari. Jendarte patriarkalak pertsonak bi genero zurrunetan banatzen gaitu; emakumeak, ezaugarri femeninoez osatuta; eta, gizonak,  nahikoa ez, eta horiei balio sozial desberdina ematen zaie; ezaugarri femeninoak bigarren mailakotzat eta maskulinoak lehen mailakotzat hartuz. Azkar eta sinple azalduta, horri egiten dio kritika zuzena feminismoak; emakumetasun eta gizontasun eredu dikotomiko horiei, eta jendartean ematen zaien balioari. 

Emakumeak beren bidea egiten ari diren moduan, gizonak, kolektibo moduan, ari al dira lantzen beren bidea? 

Asko eztabaidatu izan da zein izan behar den gizonek feminismoarekiko duten ardura, baina askotan beren burua non kokatu eta zein jarrera hartu oso ondo ez dakitenez, gizon askok ez dute aurrerapausorik ematen. Aldaketak, eman badira, gizon norbanakoetan ikusi ahal izan ditugu; hots, maila indibidualean egindako ahaleginak antzematen dira. Seguru, horiek ere badutela haien sareetan inpakturik, baina sozialki eredu dikotomikoak oso bizirik dirauela esango nuke. Ohiturek, jai eta festa ereduek, telebista programek eta ikus-entzunezkoek, publizitateak... etengabe garamatzate eredu zurrun horretara. 

Hala ere, gizonek badute ardurarik honetan guztian, handia izan ere. Jendartean, ordea, erosoago daude; izan ere, banaketa horren barruan pribilegiatuak dira, eta zaila da horri uko egitea. Borroka sozial orotan gertatzen da horixe. Pribilegio eta zapalkuntza desberdinek gurutzatzen gaituzte guztiok –batzuk gehiago besteak baino–, eta ondo eusten gara pribilegio horietara, naturak eman balizkigu bezala. Baina pribilegio horiek eraikiak eta sozialak dira, kontzientzia osoz mantentzen dira jendartean estruktura konkretuak mantentzeko, interes zehatz batzuek irauteko. Eta, beraz, modu kontzientean hasi behar dugu aldaketak eragiten. Horretarako, lehenik eta behin, problematika ezagutu, eta bereziki, zapalduak diren horiei entzuteko prest egon behar dugu.

Azken urteetan hainbat saiakera egin dira gizon taldeak sortzeko, baita gizontasunari eta aitatasunari lotutako tailerrak martxan jartzeko ere; oro har, oso erantzun apala izaten dute. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Ez dutelako uste beraien arazoa denik. Gainera, norberaren burua berrikusteak lan handia dakar, eta gustura gaude gure pribilegioak mantentzen diren bitartean. Dena zalantzan jartzen duzunean, ordea, mundua ulertzeko duzun modua guztiz aldatzen da, eta hori ezta batere erraza, ezta erosoa ere. Betidanik normala eta ezaguna den hori hankaz gora jartzen da, eta berriro berregituratu behar duzu zure mundua ulertzeko modua. Haustura bat ekartzen du zure egunerokotasunean eta gertuko harremanetan. 

Gainera, horri lotu behar zaio feminismotik egindako aldarrien isla direla tailer horietako asko; izan ere, gehienak mugimendu feministako kideek sustatutakoak edota udaletako parekidetasun eta berdintasun sailek bultzatutakoak izan ohi dira. Oraindik ez da gizonen eskaera edota behar zuzena horrelako tailer edota guneak sortzea –edo oso gutxi dira, behintzat, haien kabuz sortu dituzten taldeak–. Tristeki, feminismoak oraindik erresistentziekin egiten du topo, eta horrek haien parte hartzea zailtzen du ezinbestez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide