Dantzan jarri ditu auzotarrak jubilatuen bazkariak

Intza Trula 2024ko uzt. 18a, 17:30

Gaur, osteguna, jubilatuen meza eta bazkaria izan dituzte Arroabeko Karmen jaietan. Arratsaldean, presoen aldeko pilota txapelketako finalek hartuko dute frontoia.

Astelehenean Karmentxuri ongietorria eginda hasi zituzten karmenak Arroabean, eta asteartean herri kirolak eta sagardo dastaketa izan zituzten auzoan. Atzoko atseden egunaren ostean, gogotsu heldu diote gaur karmenetako hirugarren egunari. Jubilatuen meza izan dute lehendabizi, 12:00etan. Jarraian, giro paregabean egin dute jubilatuen bazkaria: mahaiaren bueltan kontu kontari jardun eta sabela bete ondoren, musikaren erritmoan, banaka zein bikoteka, egin dute dantza.

Arratsaldean, presoen aldeko pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte, 19:00etan, auzoko pilotalekuan.

Bihartik aurrera izango du jarraipena festak, Umeen Egunarekin. Goizetik hasita, jolasak, bazkaria, puzgarriak eta askoz ere gehiago jarriko dituzte auzoan. Arratsaldean, Zumaiako karropoteoak girotuko du Arroabea, eta herri afariaren ondoren Skareggekasko eta Gabezin taldeak eta Mikerinos DJa arduratuko dira gaua girotzeaz.

(Argazkiak: utzitakoak)

Egitaraua:

Uztailak 18, osteguna.

  • 19:00. Presoen aldeko pilota txapelketako finala.

Uztailak 19, ostirala.

  • 11:00. Umeentzako jolasak.
  • 12:30. Bota ura!
  • 13:30. Umeen bazkaria.
  • 15:30. Puzgarriak, zirkoa, aurpegi margoketa, eskulanak eta jolas gehiago. Jarraian, txokolatea banatuko dute eta apar festa izango da.
  • 19:00. Zumaiako karropoteoa auzoan barrena.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 23:00. Kontzertuak: Skareggekasko, Gabezin eta Mikerinos DJa.

Uztailak 20, larunbata

  • 10:00. Paella lehiaketa eta bazkari prestaketa.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 17:00. Bazkalondoa kantuz alaituta.
  • 19:00. Tocan 2 la polla.
  • 23:00. Kontzertuak: Sukena, Tapia eta Leturia Band eta Bad Sound Sister.

Uztailak 21, igandea

  • 10:00. Idiakaitz txistulariak.
  • 12:30. Umeen dantza emanaldia.
  • 13:00. Munduko Platerak.
  • 17:00. Patata tortilla lehiaketa.
  • 18:30. Izer eta Alabier.
  • 22:00. Bandera jaitsiera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide