Zarautz: "Ereserki bakoitzak du bere momentua"

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 28a, 09:00

Jaione Eskudero. (Guka)

"Ezin dut ereserki bat aukeratu besteen gainetik. Niretzat, bakoitzak du bere momentua". Argi mintzo da Jaione Eskudero zarauztarra. 1996tik Zarautz Abesbatzaren zuzendaria da, eta herriko kantu berezienak unearen arabera hautatzen dituen arren, azkar osatu du ereserki titulu hori mereziko luketen abestien zerrenda.

Ene Zarautz maite da aipatu duen lehen abestia: "Zarauztarrok oso ondo ezagutzen dugun kanta da. Ez da abesten urtean zehar, baina kanpotik bueltatzen garenean herrira, Zarautz ikusten dugunean, autobusean eta, beti abesten da. Umeek eta denek kantatzen dute aspalditik, ni txikia nintzenetik. Kanpotik jende asko etorri da Zarautzera bizitzera eta agian transmisioa moztu egingo zen ez dutelako abestia ezagutzen, baina Ene Zarautz maite da gaur egun ia zarauztar denok dakigun kantu bat, eta ereserkitzat hartzea badagoena. Elkartu egiten gaitu, emozionatu egiten gara hori kantatzen dugunean", adierazi du.

Kantua Inazio Eizmendi Basarri bertsolariarena da. "Iparraldeko doinu bat hartu zuen Basarrik, baina aldatu egin zuen tonu maiorrera, berez tonu menorrean zelako. Bertsoaren hitzaren intonaziorako egokitu zuen doinua. Gero nik, Basarriren mendeurrenerako, 2013. urtean, hainbat ahotsetara jarri nuen, eta instrumentuak ere sartu egin genituen. Berezkoa zen Iparraldeko doinu horrekin hasten zen gure bertsioa, euskal txirularekin eta ahots bakarrera, eta pixkanaka joaten ginen bi ahotsetara, eta gero jarraitzen zuen Basarrik moldatutako doinura; lau ahotsetara abestu genuen, eta gero ahots batean, herriak abesteko", gogoratu du. 

Eskuderok zerrendatu duen bigarren abestia Pelaio Pelaio da. "Jendeari ez zaio iruditzen egokia kantu hori ereserki bezala abestea, dituen hitzengatik, baina gu hunkitu egiten gara San Pelaio egunean abesten dugunean. Ez zaigu batere inporta zer esaten dugun. Hori ingelesez abestea bezala da, ez dugu sentitzen esaten duguna, baina kantua bera, doinu hori gure ahotik ateratzea... horrek elkartu egiten gaitu, eta eskuak ere ondokoarengana joaten zaizkigu. Aldamenekoari heldu, eta babes horretan egoten gara. Jada gurea da kanta hori. Hortaz, ereserkitzat hartzen dugu, nahiz eta hitzak desastre bat izan".

Imanol Urbietarena, zabalduz

Azkenik, abesbatzako zuzendariarentzat Imanol Urbietaren Agur herria ere berezia da. "Kantu hori ere jende askok daki, eta orain gero eta jende gehiagok, herriko abesbatza guztiok jada ikasi dugulako, eta Santa Zezilia egunean txistulariekin batera abesten dugulako kalean. Orain, hilean behin elkartzen den kantu taldeak ere kantatu egiten du. Zabaltzen ari da abestia, eta hori ere har daiteke ereserkitzat, bere erritmoagatik eta. Izan ere, ereserki batek solemnea izan behar du, barruraino sartu behar du", iritzi dio Eskuderok.

Abesti horiez gain, zarauztarrak kontatu du Zarautz Kirol Elkarteak ere baduela ereserkia, Francisco Eskudero musikariak sortua. "Andoni Egañak jarri zizkion hitzak. Eskuderok txisturako eginda zeukan pieza batetik moldatu zuen, eta grabatu ere egin genuen herriko abesbatza guztiok Musika Bandarekin. Urte batean, elkarteko partida guztietan jarri zuten ereserkia, izan futbola, eskubaloia...".

Beste hainbat herritan bezala, Zarautzen ere diskoa ateratakoak dira herriko kantekin, eta bertan jaso zituzten, besteak beste, Gabonetan Erregeek Zarautzen abesten dituzten kantuak: "Zarauzkoak dira abesti horiek, beste inon ez dituzte kantatzen", adierazi du Eskuderok.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide