Azpeitia: Elizatik karnabaletara, eta handik, zezen plazara

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 28a, 09:00

Ignacio Arakistain. (Urtzi Oteiza)

Ignacio Arakistain musikari azpeitiarrari herriko kantuez galdetu, eta xehetasunez betetako zerrenda luzea egin du berehala. "Azpeitiak ez du ereserki ofizialik izan, antza denez. Hala ere, zenbait musika pieza hartu genitzazke herriko kanta kutun gisa", esan du. Eta aurrenekoa zerrendan Julian Barrenetxea parrokiako organista eta koruko zuzendari zenak konposatutako Pozez beterik gatoz (1940) bota du. "Himno oficial de la Asamblea Eucarística de Azpeitia izendatua, gaur egun ere herriko festen bueltan egin ohi diren elizkizun garrantzitsuenetan kantatu ohi da, sansebastianetan eta saninazioetan, adibidez".

Olatz’ko ama maiteari (1952) aipatu du ondoren, hori ere Barrenetxeak konposatutakoa. "Herriko patroia den Olatzko Ama Birjinari eskainia, berarekin loturiko elizkizun eta ospakizunetan abestu ohi da gaur egun. Hitzek ere herriari, azpeitiarrei zein inguruko paisaiei keinu egiten diete: "Biotz biotzez maite zaitugun/Olatz’ko Ama Maria/Gorde zuk beti zure menpean/Gure Azpeitiko erria".

Abesti berriagoa da Azpeitiko Musika Bandako zuzendari izan zen Jose Luis Frantsesena organo joleak konposatutako O Azpeiti (1995). "Bere herriari eskainitako oda gisa, pieza abesbatzarako idatzi zuen Frantsesenak. Garai batean abestua, gaur egun ez da interpretatzen". Hona hemen letrak dioena:

 

Azpeiti nere herri

didazun hori nere herri Azpeiti

maite zaitut bihotzetik Azpeiti

Azpeiti nere herri

Izarraitz mendiak

babesten bere magalean

goiz izar disdiratsua

zaindari zeru goian

zure bihotz erdian

 

Urbiltzen Ibaieder ta Urola

gizon ospetsuen ola

Antxieta Enparan Loiola

Azpeiti nere herri

didazun hori nere herri Azpeiti

maite zaitut bihotzetik Azpeiti

Azpeiti nere herri

 

Elizari lotutako abestiez gain, "badira Azpeitian urtean zehar abestu edo dantzatu ohi diren zenbait kanta, herriko ereserki titulua ederki jasoko luketenak", Arakistainen ustetan. "Soreasuko Sebastian (1985), Jose Luis Frantsesenak Azpeitiko danborradarako idatzia. Idatzi eta jo zen bere lehen kanta izan zen. Ondoren etorriak dira herriak hain bere egin dituen Mandioko polka (1987) eta Txokolo diana txikia  (2004), besteak beste", horiek ere musikari berarenak.

Arakistainek karnabaletako Goiz eresia ere aipatu du, Azpeitiko parrokiako organista zen Jose Inazio Aldalur azkoitiarrak idatzia. "Tonu minorrean konposatua, melankoliko bezain tragikoa da musikalki. XIX. mendean idatzia, Azpeitiko kantarik maitatuenetarikoa da. Ezaguna da Musika Bandak astearte karnabal goizean nota horien babesean egin ohi duen kalejira".

Zezenketetan jotzen den Zortzikoa ere Aldalurrek idatzia da, "Jose Ventura Lacak Azpeitiko zezen plazan jasandako heriotzari omen egiteko sortua. Bi atal garbi, bata maiorrean, bestea minorrean, gaur egun Azpeitian ospatzen den zezenketa orotan jotzen da, hirugarren zezenaren heriotzaren ostean".

Azkenik, Arakistainek Marea arroxa kanta (2012) aipatu du. "Olatz Prat, Unai Frantzesena, Felipe Murillo eta Skapaie elektrotxaranga osatzen zutenek sortua. Saninazioei hasiera emateko txupinazoaren ostean, bandak eta zenbait abeslarik abestu ohi dute herriko plazan".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide