Ostiraletik aurrera ospatuko dituzte San Sebastian jaiak Elorriagan

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 13a

Iazko jaietako argazkia. (Miriam Romatet)

Mus txapelketarekin hasiko dituzte sansebastiank Elorriaga auzoan. Datorren igandean, hilaren 18an, bertso bazkaria izango dute, eta interesdunek aurrez izena eman beharko dute. 

Elorriagako festa batzordeak prest du dagoeneko ostiralean hasiko dituzten San Sebastian jaien egitaraua. Datorren ostiralean hasi, eta asteartera arte iraungo dute jaiek auzoan (astelehena atseden eguna izango da). 

Mus txapelketak emango dio hasiera aurtengo jaiei, datorren ostiralean. Auzoko Lau-Haizeta elkartean. Izen ematea 22:00etan zabalduko dute, eta ordu erdi geroago hasiko dituzte partidak.

Larunbatean, hilaren 17an, Afaria izango da Urberu sagardotegian, eta erromeria jarraian Imuntzo eta Beloki trikitilariekin. Sabela betetzeko beste aukera izango da igandean, urtarrilaren 18an. Eguerdiko 12:00etan, sagardo dastaketa egingo dute auzoko sagardogileen eskutik. Ekitaldia Garixe, Txino eta Maltzeta trikitilariek alaituko dute. 14:00etan, berriz, bertso bazkaria izango da Jon Maia, Iker Zubeldia eta Iñigo Izagirrerekin. Aurrez izena eman beharko da, WhatsApp bidez, 680 63 31 75 telefono zenbakira mezua bidalita. Prezioa 25 euro izango da. 

Asteleheneko atsedenaldiaren ondoren, San Sebastian eguna ospatuko dute asteartean, hilaren 20an. 11:00etan, meza izango dute auzoan, Itziarko abesbatzak lagunduta. Haren amaieran, 12:00etan, herri kirol erakustaldia izango da Hodei Ezpeleta, Alex Txikon, Beltza eta Bihurrirekin. Jarraian, 14:00etan, bazkaria egingo dute Urbero sagardotegian. Ondorengo Erromeria Elaia eta Jare trikitilariek girotuko dute. Festei amaiera emango diote 18:00etan, eta txokolate beroa emango dute Lau-Haizeta elkartean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide