Arroabeko tren geltoki zaharra eta Narrondo arteko bidegorri zatia egiteko lanek behartuta, N-634 errepideko errei bat itxi zuten urriaren hasieran, eta ia bost hilabeteren ostean, kendu dute zirkulazioa kontrolatzeko Narrondo parean jarritako semaforoa.
Puntako orduetan auto-ilara luzeak eragin ditu semaforo horrek Debarako zein Zumaiarako noranzkoetan. Une horietan –goizeko lehen ordutan, eguerdi partean, eta arratsaldean, lanetik itzultzerakoan– bizpahiru kilometroko ilarak sortu izan dira, Arroabeko biribilgunetik AP-8ko ordainlekura arte.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak lanak abiatzerakoan azaldu zuenez, "obraren errendimendua eta errepideko langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko" itxi zuten erraia, eta hasiera batean adierazi zuen "gutxienez" otsailaren 28ra arte egongo zela txandakako trafikoa kontrolatzeko semaforoa. Erreiaren irekiera, beraz, bi egun aurreratu dute.
Iazko uztailean hasi zituzten Arroagoiko trenaren tunela eta Narrondo arteko bidegorria egiteko lanak. Zati horrek 2,7 kilometroko luzera du, eta gehiena Urola trena igarotzen zen plataformaren gainean joango da, aipatu tuneletik, Urolaren Arroabeko tren geltoki zaharrera arte. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilean onartu zuen Arroagoia eta Iraeta lotuko dituen bidegorriaren proiektua. Lan horiek amaitzean, bidegorriak Brinkola (Zumarraga) eta Zumaia lotuko ditu.