Mikrobiota

Hesteak, bigarren garuna?

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 30a

(Irudia: Magnific)

Gero eta gehiago entzuten da hesteetako mikrobiota zaintzea ezinbestekoa dela bizimodu osasuntsua izateko. Nerea Iriarte eta Andrea Aldalur nutrizionistek argi dute "modako kontzeptu bat baino gehiago" dela mikrobiotarena: "Ez du digestioan bakarrik eragiten, osasun sistema osoaren oinarria da". Batzuek hesteak garunarekin ere alderatzen dituzte. Ihintza Elustondo kazetariak ekaineko Guka taldeko aldizkarietarako egindako erreportajea da honakoa.

Hesteak digestioarekin, elikagaiak xurgatzearekin eta soberakinak kanporatzearekin bakarrik lotu izan dira tradizioz, baina ikerketek argi erakutsi dute askoz ere funtzio garrantzitsuagoa betetzen dutela pertsona baten ongizatean. Are gehiago: zenbait adituk "bigarren garuna" deitzen diete hesteei. Bi organo horien arteko harremana gehiago ezagutzeko, bi nutrizionista elkartu ditu Gukak: Nerea Iriarte (Azpeitia, 1993) eta Andrea Aldalur (Azpeitia, 2003). Lehena Farmazian eta Giza Nutrizio eta Dietetikan graduatua da; eta bigarrena, Giza Nutrizio eta Dietetikan graduatua izateaz gain, Mikrobiota, Prebiotiko eta Probiotikoen inguruko masterra garatzen ari da.

Biak ala biak bat datoz azken urteetan hesteen funtzionamendua ulertzeko ikuspegia aldatu dela esatean. "Lehen hesteak digestioarekin bakarrik lotzen genituen, baina gaur egun badakigu hesteetako mikrobiotak eragin zuzena duela gorputz osoaren funtzionamenduan; kontrol zentro moduko bat da", adierazi du Iriartek. Aldalurren arabera, zientziak erakutsi du hesteek "rol konplexua" betetzen dutela pertsona baten ongizatean: "Hesteetan gure immunitate sistemaren zati handi bat dago; hain zuzen ere, defentsen %70 inguru bertan kokatzen da. Gainera, hesteek hormona askoren ekoizpenean parte hartzen dute, metabolismoa erregulatzen dute eta garunarekin etengabeko komunikazioa dute". Hau da, hesteetan gertatzen denak "gorputz osoan" izan dezake eragina. 

Gero eta gehiago entzuten da mikrobiota zaintzea ezinbestekoa dela pertsona baten osasunerako, eta bi nutrizionisten ustez, hori ez da "modako" kontu bat. "Gure osasun fisikoaren eta mentalaren oinarrietako bat da", diote. Baina zer da mikrobiota? Mikrobiotaz hitz egitean, aipatzekoa da hesteetako mikrobiotaz gain, azalean, ahoan, baginan edota arnasbideetan ere mikrobiota duela gizaki orok. Mikrobiota horiek milioika mikroorganismoz osatutako ekosistema konplexuak dira, eta bertan bakterioak, birusak, onddoak eta beste mikroorganismo batzuk bizi dira elkarrekin. Mikrobiota beste organo baten parekoa dela nabarmendu du Iriartek: "Gaur egun badakigu mikrobiota gorputzeko ia beste organo bat bezalakoa dela eta haren oreka galtzen denean gorputzak ere oreka galtzeko joera duela".

Nerea Iriarte: "Mikrobiota kontrol zentro moduko bat da, gorputz osoan du eragina"

Aldalurrek azaldu du pertsona bakoitzak mikrobiota propioa eta bakarra duela, "hatz marken antzera". Bizitza sortzen den lehen momentuetatik hasten da mikrobiota hori garatzen. "Jaiotza motak, edoskitzeak, haurtzaroko elikadurak, antibiotikoen erabilerak edo ingurunearekin dugun harremanak, besteak beste, eragin handia dute lehen urteetako mikrobiotan. Hau da, guztiok ez gara mikrobiota berarekin jaiotzen; bizitzan zehar aldatzen eta egokitzen doan ekosistema bat da", azpimarratu du Iriartek. Horri lotuta, pare bat xehetasun jarri ditu mahai gainean Aldalurrek: "Azken urteotan ikusi da, gainera, desberdintasunak egon ohi direla erditze natural bidez jaiotako haurren eta zesarea bidez jaiotakoen mikrobiotan. Era berean, amaren esnea hartzeak edo biberoiz elikatzeak ere eragina izan dezake mikrobiotaren garapenean eta aniztasunean". Iriarteren arabera, haurtzaroan "oso moldagarria" izan ohi da mikrobiota, baina helduaroan ere etengabe aldatzen jarraitzen du. "Dietak, estresak, loak, jarduera fisikoak, botikek edo gaixotasunek haren oreka alda dezakete. Horregatik esaten dugu mikrobiota gure bizimoduaren ispilu moduko bat dela", erantsi du.

Hori horrela, osasun arloko profesionalek gero eta gehiago erabiltzen dute mikrobiotaren informazioa prebentziorako eta tratamendu pertsonalizatuak egiteko. "Ez dugu soilik sintoma begiratzen, pertsonaren barne ekosistema ulertzen saiatzen gara. Azken batean, mikrobiota osasuntsu batek ez du gaixotasun bat bere kabuz sendatzen, baina askotan gorputzari oreka berreskuratzeko baldintza egokiak ematen dizkio", nabarmendu du Iriartek.

Andrea Aldalur eta Nerea Iriarte nutrizionistak. (Ihintza Elustondo)

Mikrobiota osasuntsua jomuga

Mikrobiota osasuntsu batek hainbat ezaugarri ditu, baina bi arlotan jarri dute arreta bi nutrizionistek: aniztasunean eta orekan. Bi adituek diote zenbat eta aniztasun handiagoa izan, orduan eta egonkorragoa eta sendoagoa izan ohi dela mikrobiota; hau da, bakterio mota askok osatuta egotea komeni dela. Horrez gain, mikrobiota orekan egon dadin, mikroorganismo onuragarriak izan behar dira nagusi, eta kaltegarriak kontrolpean mantentzea komeni da. "Normalean, mikrobiotan oreka dagoenean, osasunean ere oreka egoten da, eta pertsonak ez du sintoma nabarmenik izaten: ziurrenik, digestioa ondo egingo du, energia maila egokiak izango ditu eta ongizate fisiko eta emozional onak izango ditu", esan du Iriartek. 

Hark nabarmendu du, hala ere, mikrobiota osasuntsua garatzea oso pertsonala dela: "Alde batetik, gure esku dauden faktoreak aztertu behar dira: elikadura, estresa, atseden ohiturak, jarduera fisikoa edo botiken erabilera, esaterako. Bestetik, kontrolatu ezin ditugun faktoreak ere kontuan hartu behar dira, hala nola adina, genetika edo ingurumen faktoreak". Baina badira mikrobiota osasuntsu hori garatzeko edonorentzat lagungarri izan daitezkeen oinarriak: "Eguneroko ohituretan dago gakoa. Elikadura da oinarri nagusietako bat. Zuntz eta landare ugariko dietak bakterio onuragarriak elikatzen ditu; horiek dira prebiotikoak, hau da, mikrobiotarentzat elikagai diren osagaiak. Bestalde, probiotikoek –jogurta, kefirra edo hartzitutako elikagai batzuk– mikroorganismo bizidun onuragarriak ematen dituzte". Hori bai, dietaz gain, badira lagungarriak diren beste hainbat kontu: adituen esanetan, atseden egokia, ariketa fisikoa egitea eta estresaren kudeaketa ere funtsezkoak dira mikrobiotaren oreka mantentzeko.

Andrea Aldalur: "Mikrobiotaren desorekak lotura izan dezake obesitatearekin, depresioarekin..."

Gerta daiteke, ordea, pertsona baten mikrobiota orekan ez egotea, desorekatzea. Hainbat izan daitezke hori eragiten duten faktoreak: elikadura desorekatua, elikagai ultraprozesatu gehiegi kontsumitzea, estres kronikoa, lo falta, antibiotikoen gehiegizko erabilera eta sedentarismoa, besteak beste. Aldalurrek azaldu duenez, mikrobiota desorekatzen denean, disbiosia gertatzen dela esaten da. "Horrek esan nahi du bakterio onuragarriak gutxitu eta kaltegarriak ugaritu egin direla". Iriartek erantsi duenez, arazoa ez da bakterio "txarrak" bakarrik egotea, baizik eta "ekosistemaren oreka haustea". Haren esanetan, "horrek hesteetako hesia ahuldu dezake, hantura handitu eta metabolismoan zein immunitate sisteman eragina izan". Horrek digestio arazoak eragin ditzake, baina ez hori bakarrik; Aldalurrek zerrendatu ditu disbiosi horrek eragin ditzakeen arazoak edo sintomak: sabeleko hantura, gasak, idorreria edo beherakoa, nekea, azaleko arazoak, alergiak, defentsa baxuak eta pisua kontrolatzeko zailtasunak, besteak beste. "Azken urteetan ikusi da, gainera, mikrobiotaren desorekak lotura izan dezakeela obesitatearekin, diabetesarekin, gaixotasun autoimmune batzuekin eta depresioarekin", erantsi du.

Buru osasunean eragina

Ikerketek argi erakutsi dute hesteen eta garunaren artean etengabeko komunikazioa dagoela, eta horri "heste-garun ardatza" deitzen diote bi nutrizionistek. Batetik bestera, nerbioen, immunitate sistemaren eta hesteetako bakterioek sortutako substantzia kimikoen bidez pasatzen dute informazioa. Horregatik parekatzen dituzte hainbatek hesteak garunarekin. Gainera, adituek diote buru osasunean eragina izan dezakeela mikrobiotaren egoerak. Hori azaltzeko, adibide bat jarri du Aldalurrek: "Mikrobiotak neurotransmisore askoren ekoizpenean parte hartzen du; adibidez, serotoninaren ekoizpenean. Serotonina 'zoriontasunaren hormona' dela esaten da, eta aldartean eta emozioetan eragin handia du. Izan ere, serotonina gehiena hesteetan sortzen da".

(Argazkia: Ihintza Elustondo)

Osasun arloan aritzen diren aditu askok diote estresa dela gaur egungo pandemia, presaka eta denera iritsi ezinda bizi delako jendartea. "Estres kronikoa gaur egungo osasun arazo handienetako bat da", baieztatu du Aldalurrek. Izan ere, Iriartek azaldu duenez, estres kronikoak gorputza alerta edo arrisku egoeran mantentzen du denbora luzez, eta horrek kortisol izeneko hormonaren mailak etengabe altu mantentzea eragiten du. "Hasieran egoera horrek egoera zailei aurre egiten lagun dezakeen arren, denborarekin gorputzak nekea eta desoreka pairatzen ditu, eta hesteetako mikrobiotan ere aldaketak sortzen dira. Mikrobiota aldatzean, garunera doazen seinaleak ere aldatu egiten dira, eta bizimodu berarekin jarraituz gero, ziklo bat sortzen da: estresak mikrobiota alteratzen du, horrek aldarte txarragoa eragiten du, horrek antsietate handiagoa sortzen du, orduan estresa kudeatzeko arazoak agertzen dira, horrek estresa are handiagoa bilakatzen du...". Horregatik, gaur egungo bizimoduaren eraginez, gero eta sarriago hainbat arazo batera agertzen direla dio: "Digestio arazoak, nekea, antsietatea, lo egiteko arazoak…".

Bi adituek argi dute gorputza ez dela pieza bakoitzak bere aldetik funtzionatzen duen makina bat; atal guztiek dute elkarrekin harremana, eta, horregatik, "oso garrantzitsua" iruditzen zaie osasuna modu integralean ulertzea. "Pertsonaren bizimodua osorik aztertu behar da. Mikrobiotaren, sistema endokrinoaren eta nerbio sistemaren artean harmonia izatea da bizimodu osasuntsu baterako gakoa", nabarmendu dute. 

Bizitzako arlo gehienetan bezala, hesteen kasuan ere, oreka bilatzea da, beraz, gakoa. Horri lotuta, mezu bat eman nahi izan dute bi nutrizionistek. "Gorputza bezala, mikrobiota ere moldagarria da, eta beraz, landu daiteke; lan egin daiteke haren egoera hobetzeko". Hori bai, aipatu dute ez dagoela "pilula magikorik" hura sendatzeko. "Egunero landu behar den zerbait da. Dieta orekatua, bizimodu aktiboa eta ohitura osasungarriak konbinatzea da giltza". Hori bai, nabarmendu dute pertsonalizazioa ere kontuan izan behar dela, mikrobiota bakoitza bat eta bakarra delako: "Gomendio orokorrak guztientzat berdinak dira, baina egokitu egin behar dira adinaren, osasun egoeraren eta bizimoduaren arabera".

Mikrobiota zaintzeko gomendioak

  1. Benetako elikagaiak kontsumitu, ez industrialak.
  2. Landare aniztasuna da giltza.
  3. Azukrea saihestu.
  4. Hartzitutako elikagaiak hartu; adibidez, jogurta edo kefirra.
  5. Nahikoa ur eda.
  6. Ariketa fisikoa egin.
  7. Nahikoa lo egin.
  8. Estresa kudeatzen saiatu.
  9. Antibiotikoak beharrezkoak direnean bakarrik hartu.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide