Eguzkik ontzat eman du Oikiako uren saneamendurako proiektu berria, baina berandutzen ari direla iritzi dio

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 15a

Oikia auzoko saneamendu proiektuaren planoa. (URA Agentzia)

Pasa den ekainean aurkeztu zuen URA agentziak Oikiako uren saneamendurako proposamen berria. Eguzki talde ekologistaren ustez albiste ona da, eta susmoa du iaz Urolaren itsasadarrean bainua debekatzera eraman zuen polemikari lotuta doa.

Oikiako ur saneamendu proiektu berria aurkeztu zuen URA agentziak pasa den ekainean, baita herritarren iritzia jasotzeko epea zabaldu ere. Eguzki talde ekologistaren esanetan, Oikiako urak Zumaiako ur araztegira eramateko diseinatutako hirugarren proiektua da uda hasieran aurkeztutakoa, eta Zumaiako errioaren ur kalitatearen polemikarekin lotuta dago. Izan ere, duela urtebete Urolaren itsasadarrean bainatzea debekatu zuten, urak behar adinako kalitatea ez zuelako. "Agentziak berak aitortu duenez, Zumaiako auzo horren ur zikinek Urola “nabarmen” kutsatzen dute, eta proiektuaren helburua da gaur egun erriora doan kutsadura hori Basustako araztegira bideratzea", azaldu du Eguzkik.

Talde ekologistak gogoratu du Oikiako uren saneamenduarekin lotutako hirugarren proiektua dela ekainean URAk aurkeztu zuena. Eguzkiren ustez, saneamenduaren gaia berriro mahai gainean jartzea "albiste ona" da. "Gainera, urteak ez dira alferrik pasatu, eta, ondorioz, proiektua eguneratua dator. Alde horretatik, oraingoan, Oikiako eta Xeyko industriaguneko ur zikinak ez ezik, Aizarnazabalgoak ere araztegira bideratzea du xede", aipatu du.  

Ekologisten arabera, alde iluna ere badu, ordea, obra horrek "atzerapenak neurrigabe pilatzen jarraitzen" duelako. Haien esanetan, aurtengo proiektuak 2021eko beste bat du oinarri, eta hura 2010eko beste batean oinarritzen zen. "Instituzioek Gipuzkoan hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat sinatu zuten 2007an; akordio haren arabera, Oikiako saneamenduak 2011rako martxan egon behar zuen. (…) 2026an gaude, ordea, eta oraindik proiektuarekin bueltaka gabiltza".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide